Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
XVI. mendean Euskal Herria ontzigintzan potentzia izan zela oroitarazi zuen Albaolako elkarteko Xabier Agotek. "Espezialdu egin ginen materiala hemen genuelako, eskura: hariztiak eta burdina. Ontzigintza eta itsas gizonak bazter guztietan estimatuak ziren". Horren guztiaren memoriaren arrasto gutxi daudela eta gutxi landu dela gaineratu zuen Albaolako kideak. Baleontziaren errepika egitearekin itsas historia landu nahi du elkarteak, baino kostara mugatu gabe. Donostia Europako kultura hiriburu izendatu aurretik proposatu zuen Albaolak proiektua eta onartua izan zen. Garagarrilean hasiko dira baleontziaren errepika eraikitzen eta 2016rako despedituko dute. Pasaiako Ondartxo olan eraikiko dute eta nola eraikitzen duten ikusteko aukera izanen da. Ondoren, 2016an, euskal kulturaren ordezkari gisa bidai mordoa eginen ditu Europako beste herrialdeetara. Etorkizunean Ipar Amerikara ere joateko asmoa dute Albaolako kideek, "iragana bizitzeko". Elkarlana Baleontzia eraikitzeak zeharkako gai asko landuko dira eta horiek guztiak kontuan izan nahi dituzte Albaolakoek: burdina eta burdinolak, sokagintza, oihalgintza, basoen kudeaketa eta langintzak... Gainera, hezkuntzarekin eta turismoarekin lotzeko egitasmoa dute. San Joan baleontziaren errepikaren eraikuntza dela eta Sakana, Albaola elkartea eta Donostia 2016ren arteko akordioa sinatuko da. Eta hortik sortu daitekeen aukeretako bat da Itsasorako zuraren bidea egitea da. Sakanako hariztietan hasi, Zerain, Beasain edo beste herrietako oletatik pasaz Ondartxo ontziolan bukatuko luke bideak. Herrietako museo eta bestelako baliabide turistikoak hartuko lituzkeen sarea osatzeko aukera legoke. "Sakanako zura dela esan eta Sakanara jendea bideratzen saiatuko gara. Gu hona etortzean hariztiarekin harrituta gelditzen gara, ez dugulako halakorik. Zuek kostara joaten zaretenean itsasoarekin gelditzen zareten moduan", dio Xabier Agotek Albaola elkarteko buruak.AukeraAurreko asteko aurkezpenean Zerain fundazioko Jakoba Errekondok azaldu zuenez, ondarea tokiko garapenaren oinarri jartzeko bidea eman dezake. Haien herriaren adibidea jarri zuen, "ondarearen inguruan egindako lanketen bidez, gainbehera zihoan herria dinamiko eta bizia bilakatu da". Sakanako hariztiei garrantzia eman eta itsasoarekin lotzeko aukera aipatu zen aurkezpenean. "Basoak estrategikoak dira herriaren garapenean" adierazi zuen Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak. Herriek basoarekin izandako harremana berreskuratzeko deia egin zuen, duen balioa emateko; aukera paregabea zela gaineratuz. Manterolak "ibar mailan lan egitearen eredutzat" jarri zuen basoan egin daitekeen lanketa. Baleontziaren egitasmoak, Manterolaren iritziz, "Sakana mapa gainean jarriko du. Izan garen horretan oinarrituriko kalitatezko proiektu kultural bati loturik aterako gara plazara". KonparaketaBaleontzia egiteko Sakana guztiko 200 haritz erabiliko dira (400 m3), erdiak zuzenak, erdia okerrak, suegurrak. Joan zen urtean Etxarri Aranazko basotik 5.740 zuhaitz atera zirela salmentara, haietatik 2.316 haritz ziren. Basozainen iritziari jarraituz aukeratu dira baleontzia eraikitzeko erabili diren haritzak. Zuhaitz okerren enbor eta adarretatik ontziaren egitura eraikitzeko beharrezkoak diren pieza okerrak aterako dituzte, zuhaitzaren haria segituz. Tantaiak edo zuhaitz zuzenak kanpoko oholetarako erabiliko dira. Ontziaren gila pagoarekin eginen duten gauza bakarra da. Bertako basoak mendeetan moztu, kimatu eta landatu egin dira. Sakanan antzinatik, jendarteak haritzaren aldeko lana egin du (ezkurra landatu etab.) eta lan horien uzteak eta basoari loturiko kultura horren galerak egungo pagoaren zabaltzea eta haritzaren murriztea ekarri ditu.Orain arte Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutiko zuhaitzak erabili dira. Arakilek ere proiektuarekin bat egiteko asmoa azaldu du. Beste herrien parte hartze gogoa asetzeko, aukera tekniko eta ekologikoak aztertzen ari dira. Zuhaitzak baloratu ondoren ordainetan jasoko dena zehaztuko da. BaleontziaSan Joan baleontzia 1.563an eraiki zuten Pasaian eta bi urte geroago hondoratu zen, Kanadako Red Bayn. Hantxe jarraitzen du gaur egun. Egoera onean zegoenez, 5 urteko arkeologia indusketa arkeologikoa eta 20 urteko ikerketa egin zuten. Unescoren munduko urpeko ondarearen zigiluan agertzen da baleontzia eta XVI. mendeko ontzi esanguratsuena da. Haren errepikak 22 metro luze, 7,5 metro zabal eta 200 tonako pisua izanen du. XVI. mende bukaerara arte euskal herritarrak soilik joaten ziren Ipar Amerikara bale ehizan. Haren koipea orduko petrolioa zen. San Joan baleontzia garai hartako "merkatalontzi transatlantikoa" zen. Joan-etorri horien inguruan industria sortu zen eta horren isla da gelditu diren garai hartako jauregi, eliz eta bestelako eraikuntzak. 60 bat pertsona joaten ziren. Ez ziren guztiak beharrezko, gehienak bale arrantzan aritu behar zuten. Horretarako 5 ontzi eramaten zituen. Ura galdu egiten zenez, sagardoa edaten zuten bidaian. Egunero, buruko, 3 litro gehienez. 50.000 litro sagardo zeramatzan San Joanek.