Ezkurdia eta Zubieta: oraindik posiblea da

Guaixe 2013ko otsailaren 25a

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko 4 jardunaldiren faltan, gauzak argitzen doaz. Nahiz eta asteburuko jardunaldian galdu, Irujok eta Jose Javier Zabaletak 8 puntu dituzte eta finalerdietarako pasea ia ziurtatuta dute. Asteburuan 14 tanto egitearekin erabat ziurtatuko lukete finalerdietan egotea. Beste bi bikok ere finalerdietan egoteko aukera asko dituzte, 7na puntu baitituzte: Olaizola II.a-Zabala eta Bengoetxea-Beroiz. Finalerdietarako laugarren bikotea nor izango ote den, hori da oraindik argitu gabe dagoena. Gainera, gauzak oso estu daude, 5 puntu baitituzte Titin-Merinok eta launa puntu Ezkurdia-Zubietak eta Xala-Barriolak. Berasaluze-Albisuk 3 puntu dituzte eta egoera nahiko zaildu zaie. Baina oraindik 4 jardunaldi falta dira eta edozer gerta daiteke. Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Aitor Zubieta etxarriarra finalerdietarako sailkatzeko lehia betean daude. Oraindik posible dute sailkatzea, nahiz eta horretarako gelditzen diren jardunaldietan irabaztera behartuta egon, eta arerioak huts egitea espero, jakina. Ostiralean, Urdulizen, partida erabakiorra jokatuko dute Berasaluze eta Albisuren kontra. Josebak eta Aitorrek partidaz partida planteatzen dute txapelketa, eta ongi doakie. Ezkurdiak Gonzalez ordezkatu zuenetik gauzak aldatu dira Zubietarendako. Txapelketan maila ona eman du etxarriarrak hasieratik, baina Gonzalez, aldiz, ez zen oso fin ibili. Ezkurdiarekin bere maila onak erantzuna du aurreko koadroetan eta haizea alde dabiltza biak, garaipenak alde. Ezkurdia errematatzaileaAzken asteotako bolada onari eutsiz, Arretxeri eta Beginori 22-13 irabazi zieten arbizuarrak eta etxarriarrak. Zubieta ez zen guztiz eroso aritu, baina Ezkurdiak ongi babestu zuen etxarriarra. Gainera, errematean bikain aritu zen arbizuarra. 9 tanto egin zituen Ezkurdiak eta sentsazio bikainak plazaratu. Partida guztian aurretik egon ziren sakandarrak, baina arerioak gertu ere izan zituzten. Hala ere, nekearen aurrean hobeto erantzun zuten sakandarrek eta partida bukaeran Zubietak dominatu zuen atzean eta Ezkurdiak aurrean. Oraindik borrokan daude. Ez zen Zabaletaren eguna izanBestalde, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Beroizek zailtasun handirik gabe irabazi zieten Irujo ordezkatzen zuen Julen Retegiri eta Jose Javier Zabaletari. Iberoko aurrelariaren falta asko nabaritu zen, nahiz eta Retegi Bi huts nabarmenik egin gabe aritu. Pilota bakar bat ez zuen galdu Retegik, baina soilik tanto bat egin zuen eta ez zuen emandako aukera behar bezala aprobetxatu. Jokoan protagonismo gehiago hartzea falta izan zitzaion Retegiri, erritmo gehiagorekin aritzea, arerioa gehiago nahastea, errematatzera sartzea, eta ezker gantxoz gehiago ausartzea. Finean, Zabaletari arnasa ematea falta izan zitzaion. Izan ere, Etxarrengo atzelaria ez zen eroso sentitu partida osoan, eta aurrelariaren laguntza falta izan zitzaion Bengoetxea eta Beroizen erasoa erantzuteko.Zabaletak huts asko egin zituen, tanto asko galduz. 7 sake utzi zituen behar bezala errestatu gabe, eta nahiz eta bere eskuinarekin kolpe ederrak eman, nekatuta despeditu zuen partida. Aldiz, Oinatzek eta Beroizek Zabaleta nekatzen eta aurrean ongi errematatzen ondo asmatu zuten eta 22-8 gailendu ziren. DatorrenaIrujo prest egongo da Zabaletarekin batera Aimar Olaizolaren eta Zabalaren kontra egiteko. Irujo eta Aimarren kontrako partidak beti dute morbo puntu hori eta jokoan dagoen puntua bereganatzeko borroka handia eginen dute bi bikoek, lasaitasuna emango dien puntua baitago jokoan. Bestalde, finalerdietarako ligaxkarako sailkatzeko aukerak izan nahi badituzte Berasaluzeri eta Albisuri irabaztera derrigortuta daude Ezkurdia eta Zubieta. Partida zaila aurreikusten da, baina haizea alde dute sakandarrek. Aldiz, Berasaluzek eta Albisuk emandako itxura txarra hobetu nahi dute, nahiz eta txapelketan apenas aukerarik ez izan. Binakako Txapelketa. 10. Jardunaldia. Puntuazioa:8 puntu: Irujo-Zabaleta7 puntu: Olaizola II.a-Zabala      Bengoetxea-Beroiz5 puntu: Titin-Merino4 puntu: Ezkurdia-Zubieta      Xala-Barriola3 puntu: Berasaluze-Albisu2 puntu: Arretxe-BeginoBinakako Txapelketa. 11. Jardunaldia jokoan:Berasaluze-Albisu / Ezkurdia-Zubieta (ostiralean, 22:00etan, Urdulizen. ETB 1)Olaizola II.a-Zabala / Irujo-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB 1)