Nafarroako Herri Kirol Jokoak abian

Guaixe 2013ko otsailaren 27a

Asteburuan hasi ziren, Berriozarren, Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera urtero antolatzen dituen Herri Kirol Jokoak. Bertan hiru kategorietako neska-mutilek hartzen dute parte: kimuak (11-12 urte), haurrak (13-14 urte) eta kadeteak (15-16 urte). Taldeak mistoak dira. Haur eta kadete mailetan bi txapelketa jokatzen dira: sokatira eta proba konbinatua (koxkol biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza). Aldiz, kimuen mailak soilik proba konbinatuko txapelketa egiten du, trontza modalitatea jokatu gabe. 1. jardunaldiko emaitzakKimuen konbinatuan 8 talde ari dira lehian, Berriozar, BKE (Berriozarkoa), Basaburua, Araxes, Ultzama, Andra Mari ikastola, Putterri eta Iñigo Aritza ikastola, azken hirurak sakandarrak. Lehen jardunaldian Andra Mari izan zen azkarrena (6:57), Putterri 3.a (7:14) eta Iñigo Aritza 8.a (7:58). Haurren mailan, proba konbinatuan, 7 talde daude: Berriozar, Basaburua, Araxes, Ultzama, Andra Mari, Putterri eta Iñigo Aritza, azken hirurak sakandarrak. Berriozar izan zen azkarrena (8:43), Andra Mari 2.a (9:25), Iñigo Aritza 4.a (10:07) eta Putterri 5.a (10:17). Haurren mailako sokatiran (480 kg) aipatu talde guztiak ari dira, Basaburua eta Ultzama izan ezik. Berriozarrek eta Iñigo Aritzak puntutara berdindu zuten (4,5 puntu), Andra Mari 3.a izan zen (3 puntu) eta Putterri 5.a (puntu 1). Azkenik, kadeteetan 4 talde dabiltza proba konbinatuan, Berriozar, Basaburua, Ultzama eta Andra Mari ikastola etxarriarra. Andra Mari izan zen lehen jardunaldian onena (10:09). Basaburua kenduta beste taldeak ere sokatiran ari dira lehian, eta atzera ere Andra Mari moldatu zen hobekien (2,5 puntu), Berriozarrekin berdinduta. Txapelketan guztira 5 jardunaldi jokatuko dira, 4 jardunaldi eta finala, martxoaren 24an Larraintzarrek hartuko duena. Bi jardunaldi Sakanan jokatuko dira: martxoaren 10ean, Altsasun, eta martxoaren 17an, Etxarri Aranatzen edo Arbizun. Herri Kirol Jokoen 2. jardunaldia igandean jokatuko da, martxoaren 3an, goizeko 11:00etan, Betelun.