Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Urbasa-Andia Ipar Eski Taldearen eta Altsasuko Mendigoizaleak taldearen laguntzarekin, ipar eski ibilaldia antolatu zuen iganderako Urbasan. Eskiatzaileak autobusez Lizarragara eman eta Urbasa-Andian ibilaldia egin ondoren kirolariak Urbasan jasotzea zen kontua, gero norbera bere herrira jaisteko. 13 eskiatzailek eman zuten izena, baina ibilbidea Ortzaurtera lekualdatu behar izan zuten. "Urbasara eta Lizarragara ezin zen igo, haizeteen arriskua zegoelako. Horregatik ipar eski ibilbidea Ortzaurten egin genuen, Aizkorriranzko bidean" azaldu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 9:15etik 13:30ak arte ibili ziren eskiatzen, Urbasa-Andia Ipar eski taldearen eta Altsasuko Mendigoizaleen gidaritzapean. Hasiera batean bi talde sortzea aurreikusten zen, hasi berriena eta ibilbide luzea egingo zuenarena, baina azkenean talde bakarrean aritu ziren. Ipar eskiaren teknikak ikasi zituzten. "Teknikak irakatsi zizkiguten: pausu alternoa, jaitsierak kuña egiten... ongi egon zen" gaineratu du teknikariak. Eskiatzaile sakandarrek gogo onez eta sentsazio onekin bukatu zuten, eta Jose Mariren Ortzaurteko bentan gustura egin zuten hamaiketakoa, giro onean. Autobusa jartzearena oso ongi baloratu zuten, horrela ez baita autoa hartzen ibili beharrik. Urbasa-Andia ipar eski lagunen bilera astearteanUrbasa-Andia Ipar Eski Lagunen taldeak bilera deitu du asteartean, martxoaren 5ean, 20:00etan, Altsasuko Mendigoizaleen egoitzan. Orain arte egindakoaz, egoera ekonomikoaz, gastuez eta egin beharreko lanen inguruan ariko dira. Bestalde, taldeak oroitarazi nahi du www.altsasukomendigoizaleak.com web gunean taldearen inguruko informazio eguneratua ikusgai dagoela, kontsultagai. Gainera, bertara argazkiak bidali daitezke.