Goizean 500dik gora pertsona mobilizatu dira

Guaixe 2013ko otsailaren 28a

Greba orokorra dela eta goizeko manifestazioetan sakandarrei dei egin zaie: "mugitu beharrean gaude, protesta egiten, arduradunak salatzen eta alternatiba eraikitzen gure bailara itxi ez dezaten eta gure etorkizuna defendatzeko". Bestetik, greba deialdiaren aurre lanketan haien lanpostuetan aritu zirenak zoriondu dituzte. Sakanako egoera larriaren aurrean ibarrean bertan bertarako konponbideak aztertu eta adostu zirela gogorarazi dute. "Azken lau urteetan protesta eta eraikitze lanak konbinatu ditugu. Nafarroako Gobernuak izan beharko lukeen ardura exijitzen eta utzikeria salatzen". Goizeko manifestazioetan eguerdian Iruñeko Antoniuttitik Nafarroako Parlamentuan eginen den martxan parte hartzera deitu dute. Baita arratsaldean, 18:00etan, Altsasun eginen den eskualde mailako manifestaziorako deia gogorarazi ere. Altsasuko manifestazioa Foruzaingoaren 4 furgonetek zaindu dute. Etxarri Aranatzen Guardia Zibilaren bi patrulla egon dira, urrun. Aurrera begiraBaina gaurko mobilizazioekin ez dela bidea bukatu jakinarazi dute hizlariek. Bihar, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur etxean eginen den batzar irekian parte hartzeko deia egin da. Gaurko mobilizazioaren balorazioa egin eta lanean jarraitzeko ideia berriak jasoko dira. Bestalde, gogorarazi da martxoaren 9an Iruñean enpleguaren aldeko manifestazioa deituta dutela borrokan dauden enpresa batzordeek, Sakanakoak barne. Eta UPNk bere batzarra egiten duen egunean, martxoaren 17an, Nafarroako Herri Ekimenak eta Sakanako eragileek kontzentrazioa deitu dute Iruñeko Sarasate pasealekuan.