Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanak bizi duen egoerari buelta emateko alternatiba badago, "eta Nafarroan beste eredu sozio ekonomiko bat eraikitzeko balio du gainera". Halaxe ziurtatu du Gaizka Uhartek, greba orokorra deitu zuten sindikatu, alderdi eta eragileen izenean. Horretarako bi premisa daudela ziurtatu du. "Gure etorkizuna defendatzeko denok parte hartuko dugun garapen eredu bat eraikitzea" da lehena. Bigarrena, "enpleguaren defentsa da eta gure eskualdean lanpostu deuseztapena eragoztea". 8 puntuBigarren premisa gauzatzeko, Uharteren ahotik, grebaren deitzaileek "premiazko eta beharrezko 8 puntu" eman dituzte. Lehenik, ibarrean kaleratzeak gelditzea. Horri lotuta Sunsundegui ez ixtea eta Sakanan 400 lanpostu gehiago galtzea galaraztea. Bigarren puntuan eskatzen da enplegu duina mantentzeko laguntza publikoak ematea. Horrekin batera, gaur Iruñean eskatu da administrazio publikoaren kontratu eta adjudikazioetan oinarrizko irizpidea izatea lanpostuen mantentzea eta herrialdeko lan hitzarmena mantentzea. Aldi berean, inbertsio publikoa enplegua mantentzeko eta sortzeko beharrezko jo dute. "Bereziki enpresa publikoetan eta sortu litezkeen tokiko-ekimenetan". Greba deitzaileek gaur egun dauden enplegu planen eraldaketa "erradikala" eskatu dute. Berriek "gure eskualdeen garapenean oinarrituta egon behar dute eta udal eta gizarte eragileen elkarlanean egin behar dira". Aldi berean, sektore publikotik prestakuntza sustatu beharra eta Altsasuko Lanbide Heziketa institutua potentziatu beharra aldarrikatu dute. Lana banaketa aldarrikatu dute. Horretarako lanaldia murriztea eta ordu estrak desagerraraztea eskatu dute. Lanaldiak handitu gabe eta ordu estrak debekatuz Sakanan 400 lanpostu sor litezkeela ziurtatu dute. Sunsundeguiren kasua salatu dute, gobernuak kudeatuta hilero, bataz beste, 1.500 aparteko ordu egin direla. Zerbitzu publikoetan ere enplegua sortzea eskatu da, "osasun eta hezkuntza arloetan milaka lanpostu suntsitu dira". Gobernuak bizkarra eman diguSakanan gaur bizitako greba orokor eguna "ibilbide baten ondorio da, inflexio puntu berri bat" Sakanako LABeko arduran Gaizka Uhartek esan duenez. Manifestazio akaberan salatu duenez, industria jardueren suntsiketak ibarrean utzi dituen 1.972 langabetuak "ez dira kasualitatea. Sakana industria basamortu bihurtzeko erabaki politiko baten ondorio da". Iruñerrian kokatutako multinazional handien mendeko Nafarroako eredua salatu zuen, "Eredu hori desegin da eta azpian harrapatu gaitu". "Sakanatik eta Sakanarako altenatiba aldarrikatzen ari gara. Hau da, Nafarroatik Nafarroarako" adierazi dute Iruñean. Sakanan luzera begira eta adostasunean oinarrituriko beste garapen eredu bat martxan jarri nahi dela adierazi du Uhartek eta hori aurrera eramateko gobernuaren konpromiso eta inplikazioa beharrezko jo zituen. Alternatiba dagoela eta borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute Iruñean. Iruñeko manifestazio bukaeran Uhartek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak 2005etik zuela Sakanan industriak behera eginen zuenaren berri. "Enpresarien elkartean ohartarazi zuen 5 urtetan ibarreko industria ehuna %30 desager zitekeela. Jakitun izanda ere, Nafarroako Gobernuak ez du ezer egin ibarrean industria ehun propio baten defentsan inbertitzeko". Sakanan dagoen sentipena azaldu du: "Nafarroako Gobernuak bizkarra eman digu: ez du inbertsiorik egin, deslokalizazioetan konplize izan da eta langileon kontura urteetan aberastasuna metatu duten enpresak gobernuaren konplizitatearekin itxi dute".