Gure etxeko lanak egiten segituko dugu, inor itxoin gabe

Guaixe 2013ko otsailaren 28a

Baina Nafarroako Gobernua toki-administrazioekin "kolaborazio marko iraunkorrak eraikitzera kondenatuta dago, helburu komun bat izan behar genukeelako: nafarren ongizatea"Garazi Urrestarazu Zubizarretak, Altsasuko alkateak, Iruñeko manifestazioaren adierazpenak dira. Urrestarazuk azaldu du, gaurko greba orokorraren ondoren lanean jarraituko dutela eta Sakana ez dutela ixten utziko. Nafarroako Gobernuaren murrizketa eta utzikeria politika salatu eta elkarlanerako deia luzatu diote.Altsasuko alkateak gogoratu du azken lau urtetan Sakana "itxieren dinamikan" murgildu zela, "inolako kupidarik gabe baztertu gintuztela". Egoerari aurre egiteko, 2011n krisi mahaiak "Sakanatik Sakanarako dinamika bati ekitea erabaki zuen".Emaitza, zeroUrrestarazuk gogora ekarri du mahai hartan adostu zirela: Garapenerako Plan Estrategikoa egitea; Sakanako Garapen Agentzia sortzea; Sakana Premiazko Berrindustrializazio Eskualde izendatzeko eskaera Nafarroako Gobernuari egitea; gobernuak Mank-ekin eta garapen agentziarekin lankidetza iraunkorra bermatzea markatutako helburu sozioekonomikoak betetzen laguntzeko; gobernuaren joan den urteko aurrekontuetan diru-sail bat bideratzea ibarrean adostutako ekimenak finkatzeko eta gizartearen dinamizazioa bulkatzea.Nafarroako Gobernuko kideek "bulegoetako ateak zabaldu dizkigute baina haize korronte bat besterik ez bagina bezala tratatu gaituztela sentitzen gara". Urrestarazuk ziurtatu duenez,"entzun gaituzte, baina praktikan lan egiteko momentuan ez da horrela izan. Sakana bezalako eskualde oso bat jokoz kanpo uzteko lotsarik ez dute".EskaeraSakanako erakundeek Nafarroako Gobernuari "hainbat proiektutan parte hartzeko marko egonkorrak sortzearen beharra ere helarazi diegu", beti ere, "gure eskualdeko garapen ekonomikorako eredu jasangarri eta endogenoa errespetatuz". Urrestarazuk zehaztu duenez, hauek dira proiektu horiek: Plan estrategikoa dinamizatu eta idazten kolaboratzeko; energia ikerketan laguntzeko; industria eremuen analisia egiteko; eskualde mailan Agenda 21 ezartzen laguntzeko.