Erantzun zabala

Guaixe 2013ko otsailaren 28a

Sakana ez da ixten! UPN gure etorkizuna lapurtzen! Sakanan bizi eta lan leloa du gaurko deitutako greba orokorrak. Deitzaileendako "arrakastatsua" izan da erantzuna. "Gizarte, erakundeen babes handiarekin deitu zen eta aurretik egindako beste greba batzuen pareko izan da". Sakandarren erantzuna "zabala" izan da. "Genituen helburuak bete dira: Sakanako aldarrikapenak gai zentral bihurtzea. UPNk sustatu dituen politiken adibide dela uste dugulako", azaldu du Gaizka Uhartek Iruñeko manifestazioaren hasieran. Deitzaileek emandako datuen arabera Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun greba %80ko jarraipena gainditu du. Grebaren erantzuna partziala izan da Irurtzunen eta Olatzagutian. Industriari dagokionez, ELA eta UGT deialdiarekin bat ez egitean jende gehiago batzeak zaildu du antolatzaileen iritziz. %70 itxita egon da Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, Lacunza Calor Group eta Cerámicas Utzubar izan dira itxi dutenetako batzuk. Sunsundeguiko gehiengo sindikalak deialdiarekin bat egin du, nahiz eta gero enplegu erregulazio espedientea ezarri dieten. Irurtzunen eta Olatzagutian jarraipena mugatuagoa izan da. Urdiaingo Magotteauxen %40ko jarraipena izan du deialdiak. Ibarreko merkataritza arloa itxita gelditu da, Altsasuko Netto ezik. Irakaskuntzan, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera %61,35ekoa izan da jarraipena (azken bi grebetakoa baino gehiago). DBHko ikasleen %95ek grebarekin bat egin dute. Udal guztiek ia %100ean gelditu dutela azaldu dute deitzaileek. Hondakinak biltzeko zerbitzua ere ez da izan. Gizarte zerbitzuetan, osasun arloan eta garraioan gutxieneko zerbitzuak izan dira. Greba deitzaileek salatu dute atzo jaso zituztela gutxieneko zerbitzuak zehazten zuten gobernuaren erabakia.