Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Goizeko manifestazioan 3.000 pertsonatik gora bildu dira. Mobilizazioa berandu hasi da, jendea bildu eta udaltzainek trafikoa bideratzen zutelako. Makina bat poliziaz lagun manifestariek Antoniuttitik abiatu eta Armada etorbidetik Merinaldeen plazarantz jo dute, Carlos III.a etorbidean bera egin eta Gaztelu plazatik Sarasate pasealekura iristeko, Nafarroako Parlamentuaren parera. Bidea Sakana ez da ixten, soluzioak orain zioen pankarta batek zabaldu zuen. Baina izan ziren gehiago: Arakil eta Irurtzunen 288 langabe, Sakana ez da ixten; Sakanako gazteok greban; Murrizketarik ez (Altsasuko Zelandi eta institutuak); Sakana burujabe Nafarroako Gobernurik gabe (Sakanako libertarioen asanbalda) eta Sakanako langabetuak borrokan. Manifestazioarekin bat egin zuten burlatar batzuek honela zioen pankarta zabaldu zuten: Sakana en lucha, gu ere bai, lana guztientzat Nafarroa guztian. Bidean UPN eta PP alderdien eta Nafarroako Gobernuaren egoitzen paretik pasa dira manifestariak. Toki horietan ozen entzun dira manifestarien leloak eta txistuak. Ibilbidean gehien entzun zena Sakanan bizi eta lan izan zen. Baina gehiago ere izan ziren: lana banatu, ondasuna banatu; UPN kanpora; polizia gutxiago, lan gehiago; lapurrak; no hay pan para tanto txorizo eta abar. Bukaeran, PSNren egoitza parean ere izan dira alderdi horren kontrako txistu eta oihurik. Ibilbidean barna makina bat petardo bota dituzte. Bestelako doinua jarri dute, ordea, Sakanatik joandako gaiteroek. Adin guztietako sakandarrak izan dira manifestarien artean: familia osoak haurrekin, adinduak, langabeak, kutxa eta bankuetako langileak, ostalaritza eta merkataritzako langileak... Manifestariek iruindarren babes adierazpen ugari jaso dituzte bidean zehar. Manifestazio bukaeran otamena edo auzatea izan da Sarasate pasealekuan. Une hori eta manifestazio guztia erabili dute deialdiaren gastuei aurre egiteko dirua eskatzeko.