Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte luze bateko ibilbidearen ondoren, etxean, Sakanan, Josefina Arregi klinikako lagunen elkarteak bere burua aurkeztu zuen, igandean. Estatuan arreta psikogeriatrikoan erreferentea den klinikak aurrera egin dezan laguntzeko elkartu dira hainbat pertsona. Elkarteko presidenteak, Patxi Goikoetxeak, ekitaldian gizartearen parte-hartzea eskatu zuen, eta elkarteko bazkide eginez, klinikari laguntzea eskatu zuen. Nafarroako Kutxa fundazioaren Zuk aukeratu, zuk erabaki programaren bidez ere laguntza emateko aukera gogorarazi zuen. Klinikaren martxaren berri eman zuen Jose Joaquin Roldan, Pantxo, medikuak. Gaitzari aurre egiteko hainbat diziplinetatik lan egiten dutela. Horrela, gaixoak hobetu eta, nahiz eta mugekin, familian bizitzeko gaitzen dituztela azaldu zuen.GonbidatuakEnrique Villarrealek, El Drogasek, bere amarekin zentroan bizi izan zuena ekarri zuen gogora: diagnosia okertzearen ondoren sortu zitzaion etsipena, sortutako kontrako sentipenak, galtzeko beldurra ... Musikariak Erkudengo Ama abesbatzarekin batera bere Te quiero abestia kantatu zuen. Guillermok, Nagore kazetariarekin batera, eta elkarteko beste 20 bat pertsonek 8 km-ko ibilbidea egin zuten. La memoria es el camino bere egitasmoko 176. etapa izan zen. Haren bidez Alzheimerrarendako estatu politika aldarrikatzen ari da. Bestalde, 10 urtez Gipuzkoako elkartearen buru izan den eta berriki estatuko alzheimer eta dementziak dituzten pertsonen elkarteen konfederazioko zuzendari izendatu berri den Koldo Aulestiak, bere esperientziaren lekukotasuna eman zuen. Konfederazioak 304 elkarte biltzen dituela azaldu zuen. LogotipoaRaquel Guerrerok, klinikako okupazio-terapeutak, elkartearen logotipoa aurkeztu zuen. Klinikako gaixoek egin dute irudia eta prozesuaren berri azaldu zuen.