Emaitza enologiko ez egokiak

Guaixe 2013ko otsailaren 26a

Ibarreko haritzekin ardoa ontzeko kupelak eginen zituztela argitaratu genuen 2009ko lastaila akaberan. Toneleria Quercus, Lapuebla de Labarka herriko upeltegiak, jatorri izendapena duten kupelak egiteari ekin zion. Irurtzun, Arbizu, Dorrao, Etxarri Aranatz eta Altsasuko haritz kandugabeak (quercus petraea) erabili zituen upeltegiak. Errioxa jatorri izendapeneko ardoak ontzeko erabiltzen ari dira. "Nortasun propioa" zuen ardoa egiteko 700 kupel egiteko asmoa zuten. Gaur egun Irati aldeko haritzekin ari dira, baina ez dute baztertu Sakanakoak berriro erabiltzea. Enpresarekin harremanetan jarri da Guaixe. Jakinarazi digutenez Sakanako haritzek ez dute "emaitza enologiko egokirik eman". Azaldu dutenez, "haritzek tanizitate handia dute, ardoan astringentzia nabarmena utziz". Bestela esanda, upel horietan ondutako ardoa edatean sentsazio lakar bat nabarmentzen da; dastamen-papilak uzkurtu egiten ditu, ezpainak tinkatu, listu-jarioa eten eta sentsazio latza sortzen du mingain eta aho-sabaian. "Tanizitate handia zuraren lixibazioaren bitartez leundu daiteke", gaineratu dute upeltegitik. Upel-oholak egiterakoan errendimendua ez zela oso ona izan ere argitu digute upeltegitik: "zurak begi asko zituen eta etengabe saneatu beharra zegoen. Baina erabiltzen ari garen herrialdeko gainontzekoen antzeko errendimendua du". Upeltegitik azaldu zutenez, egitasmoa aurkeztu zutenean, "kupelak egiteko haritz zuzenak behar dira. Egurrari erabilera noble bat emateko basogintzan lan egin behar da, basoaren mantenua eta jasangarritasuna ziurtatu dezakeena".