Bi aldaketekin, Plazaola ibilbidea berreskuratzeko proiektua aurrera

Guaixe 2013ko martxoaren 1a

Asteartean bildu zen Lurraldearen Antolamendu Batzordea, eta argi berdea eman zion Plazaolako lehengo ibilbidea errekuperatzeko Udalaz Gaineko Eragina duen Proiektu Sektorialean bi aldaketa egiteari. Irurtzun eta Iruñeko zatiko ibilbidean eginen dira bi aldaketa horiek, Sarasako eta Aintzoaingo Kontzejuek eskatuta. Batzordeak Nafarroako Gobernuari bere erabakia jakinaraziko dio, hark onartu eta jendaurrean jartzeko. Plazaolako zati hori berreskuratzeko proiektua Plazaola Turismo Partzuergoak sustatu zuen 2010ean, herritarrek aisialdi-jardueretarako erabil zezaten. Trenaren ibilbide guztia berreskuratzen denean Iruñea eta Donostia arteko ibilbideko 85 km-etan oinez edo bizikletaz eroso ibiltzeko aukera izanen da.Partzuergoko gerente Maitane Ezkutarik azaldu digunez, Iruñera bitartean beharrezko den espazioa zein den badakite. "Aurten haien balorazio ekonomikoa egin eta gero desjabetu beharko litzateke". Finantziazioa lortzeko ezinbestekoa da erabilera edo jabetza izatea. "Nafarroako Gobernuak desjabetzea eginen balu, proiektuarekiko atxikimendua azalduko luke, eta hori oso baliagarria litzateke Ingurumen Ministerioari proiektua aurkezterakoan. Berak finantzatu behar baitu lana". Tramite horiek aurten egitea espero du Ezkutarik.Sakanako ibilbideaAsteartean moldatu zen proiektuan sartzen den ibilbideak bost udalerri hartzen ditu: Berriobeiti, Berriozar, Itza Zendea, Arakil eta Irurtzun. 20 km guztira. Egitasmoa sei zatitan banatu dute. Bosgarrena Aizkorberi dagokiona da. 1.525 metro luze da. Zati horretan 620 metroko tunel bat dago. Tunela eta jatorrizko bidearen zati batzuk gaizki daudela ikusita, aukerako ibilbideak planteatu dituzte, baina ez dute guztiz baztertu jatorrizko trenbidea berreskuratzea.Seigarren zatia Irurtzungoa da eta 780 metro luze da. Bidea bat dator trenbide zaharrarekin eta Irurtzungo geltoki zaharra zegoen lekuan bukatzen da; geltoki hori desagertuta dago gaur egun.Tunelak Plazaolaren Sakanako ibilbidean bi tunel daude, Aizkorbekoa eta Irurtzungo Artadiakoa. Barnean izandako luiziek bidea estali dute. Ezkutarik azaldu digunez, proiektuan ez dago tunelak berreskuratzea aurreikusita: "gaur egun ezin gara horretan sartu, bestela proiektuak asko garestitzen dira". Gogorarazi digu Artadiako tunela berreskuratzeko proiektu bat zegoela, baina urtetik urtera garestiagotu eta baztertu egin zela."Bide alternatibo errazak daude bi kasuetan". Udarako Plazaolako bide berdeak 6,5 km berri izanen ditu, Imozko zatia zabaltzean. Andoain eta Imotz artean 45 km-ko ibilbidea egonen da. Ezkutarik azaldu digunez, zati horretan Mugiron itxitako tunel bat dago. "Han aukerako bidea opatzea zailagoa da, basoan delako", argitu digu gerenteak. Aurten IrurtzunerainoPartzuergoko gerenteak esan digunez, Mugiro aldean beste arazo bat ere badute. Iturburutik Irurtzunera ura daraman hodia Plazaolako ibilbidean dago. "Ezin da makinaria sartu eta hodia hautsi, Irurtzun ur hornidurarik gabe gelditu daitekeelako". Zati horretan bidea bere horretan utziko dute, garbiketa lan batzuk egin ondoren. Ibilbidea Sakanara sartzea nola egin ere aztertzen ari da partzuergoan. Izan ere, trenbidea zena gaur egun errepidea da zati batean. Handik joan edo malkarrean zehar jendea bideratu aztertzen ari dira. Horretaz gain, ibaia eta autobia ere oztopo dira. "Sakanara sartzeko Arakilgo bide sarearekin lotzea eta horrela Irurtzunera iristea aztertzen ari gara", azaldu digu Ezkutarik. Cederna-Garalurren bidez Plazaola Turismo Partzuergoak Europako diru-laguntza eskaera eginen du. "Ez da obra handia eta aurten egitea espero dugu", argitu du kudeatzaileak. Andoain eta Irurtzun artean 54 km-ko ibilbidea ondua legoke horrela. Europako sareaPlazaola bide berdea Iruñera iristean oinezkoendako eta txirrindulariendako aukerak handitu egiten dira: Argako ibilbidea, Pirinio aldera daraman Iratiko bidea edo Donejakue bidea eta handik Lizarrara joan eta han Vasconavarro bide berdea hartzeko modua luketelako. Plazaola Tursimo Partzuergoan lanean ari dira haien bide berdea Bidasoaldeko tren txikia bidearekin lotzeko. Ezkutarik azaldu digunez, "horretarako, Latasa, Basaburua, Ultzama eta Doneztebe lotuko duten bide baten aurreproiektua eginen dugu aurten". Gerenteak esan digunez, Bidasoako natur bidea Europako Eurovelo bide berdeen sareko zatia da eta horrek kontinentean ikusgarritasuna eta erabiltzaileak irabaztea ekarriko dio Plazaolari.Ezkutarik nabarmendu digunez, "natur bideak potentzial handia dute. Bultzada batekin produktu turistiko indartsua lortzen dugu". Bestalde, datu bat eman digu: "alemaniarren %20 bizikletan joaten da oporretara. Europa iparraldean asko ibiltzen da bizikletan. Landu beharreko esparru bat da". Irurtzun ZiordiaSakanako Mankomunitateak 2010ean ibarra zeharkatuko lukeen oinezkoendako eta txirrindulariendako bide baten proiektua egin zuen. 358.000 euroko aurrekontua zuen, baina hura egiteko Mank-ek ez zuen diru-laguntzarik lortu. Ordutik, egitasmoa gauzatzeko finantziazio bila aritu dira ibarreko erakundean. Adolfo Araiz kudeatzaileak azaldu digunez, "aztertzen ari gara proiektua zatika egitea edota web orrian haren berri ematea".