Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Parlamentuan langabeziari buruzko pleno monografikoa egin zuten pasa den astean. Iruñerriko eta Sakanako langabetuen kolektiboek parlamentu barruan eta kanpoan plazaratu zituzten haien aldarrikapenak. Balorazioa egiterakoan, lehenik, Lourdes Goikoetxea, Enplegu eta Ekonomia kontseilariaren interbentzioa kritikatu dute: "betiko errezeta huts eta antzuen aldeko apustua egiten segitzen du: AHT, Nafarroako Ubidea, gastuaren kontrola... hau da, enpleguaren suntsiketa gehiago". Langabetuek, ordea, lanaren banaketaren aldeko apustua aldarrikatzen dute. Eta enplegua sortzeko ondoko neurriak proposatzen dituzte besteak beste: "aparteko orduak debekatzea, lan-orduen murrizketa bai arlo publikoan zein pribatuan ere... eta erreleboko kontratuak areagotzea".Bigarrenik salatu dute, prentsaren bidez jakin dutela haietako batzuk parlamentuko sarrera debekatuta dutela, plenoa burutzen ari zen bitartean protesta egiteagatik. "Goikoetxea andrearen interbentzio tamalgarriaren bukaeran altxatu eta lanaren eta aberastasunaren banaketaren aldeko aldarrikapenak bota genituenean ezerosoak sentitu zirela diote! Nafarroako Gobernutik alde egin behar dutenak beraiek dira, haiek sortutako krisi baten aurrean agertzen duten ezintasunarengatik" gaineratu dute.