Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Myalbum. Bienvenido al reino de la apariencia argazki erakusketa asteazkenean zabalduko da Altsasuko Iortia kultur guneanAlexandra Baurès komisarioak 3 argazkilariren serie banarekin ondu du erakusketa. Hiru egileek ahaztutako familia argazkiak (norberarenak edo besteenak) dituzte haien lanaren abiapuntu. "Bizitako instanteak berriro bizitzea bilatzen dute; lehenaren eta orainaren arteko joan etorri bat sortuz" Baurèsen arabera, "ezagun zaigun zerbait sortuz eta argazkiei bizitza berria emanez". Familia argazkietan ohi bezala, erakusketan posatuak dira nagusi, betiko aurpegi onena erakutsi nahi delako. Familia argazki albuma, "oroitzapenen eta norberaren memoriaren eraikuntzarako artxibo egitasmoa desagertu egin da. Ordenagailu karpetetan gordetzen ditugu orain argazkiak. Materialitatea galduta. Argazkilariek egungo praktikak zalantzan jartzen dituzte, familia albuma berreskuratuz". Egileak Maria Alchék (Buenos Aires, 1983) bere familia albumean espazio handiak zituzten argazkiak aukeratu zituen eta haietan bere burua txertatu zuen. Horrela, bere senideekin, haiek zuten adin berean, uneak partekatzeko aukera du. Paper hori jokatzeko garaiko arropak ere jantzi zituen. Aiton-amona edo gurasoekin batera ageri da lanetan. Paco Gomezek (Madril, 1971) Modlindarren argazki albuma hartu du oinarri. 70eko hamarkadan Madrilen bizi ziren Margaret margolaria, Elmer aktorea eta haien seme Nelson. 2003an haien gauzak eta familia-argazkiak kalean botata agertu ziren. Gomezek 10 urte behar izan zituen familia horren historia berreraikitzeko. Familiakoek haien buruari argazki ugari egin zizkieten,gero Margaretek margotu zitzan. Gomezek posatu haiek birsortu ditu. Maider Kuadrak (Iruña, 1974) argazkilari profesional eta kazetari izandako Mariano Cuadra Roitegi aitonaren artxiboa arakatu zuen. Haren argazkiak familiaren Arnedoko etxean zituzten ikusgai. Maiderrek haien ingurunean hartu zituen. Eta, aldi berean, bere buruari argazkiak egin zizkion, haurra zenean bezala, objektuak ukitzen eta etxeko tokiak betez. Post programaAsteazkenean mustuko den erakusketa programa horren 3. fruitua da Myalbum erakusketa. Zangoza, Noain-Elortzibar, Uharte-Iruña eta Altsasuko kultur etxeek sustatu dute programa. Arte garaikidea zabaltzea du helburu. Erakusketarekin batera, gazteak arte garaikidera hurbiltzeko programa didaktikoa eskaini zaie ikastetxeei. Gainera, heldu den ostiralean, 19:00etan, bisita gidatua egonen da.