FUNZEEN sortu berri da!

Guaixe 2013ko martxoaren 8a

Guaixen idazten hasi nintzenean MYAKU izeneko fanzinea argitaratzen nuen lagun batzuekin. Gero, ideiak agortuta, aldizkaria desagertu egin zen, baina betidanik izan dut txirrinta bueltatzeko. Baina, zer dira fanzineak?Fanzineak norberak egindako aldizkaritxoak dira. Hau da, diru laguntza lortu edo norberak ordaindu, publizitatea izan edo ez izan edota bakarrik edo lagunekin argitaratuta, norberak argitaratzen duen aldizkaria da fanzinea. Betegarria edozein gairen inguruan izan daiteke: musika, kultura, sukaldaritza, politika, eta nire kasuan, komikien inguruan.Japoniar kulturarekin artikulua erlazionatzeko, jakin ezazue Japonian dauden fanzineen gehiengoa komikien ingurukoa dela eta horiek doujinshi izena dute. Doujinshiak bi motatakoak izaten dira: pertsonaia eta komiki originalez osatutakoak edota ezagunak diren pertsonaien historioen parodiak eginez betetzen diren aldizkariak. Japoniako lehenengo fanzinea, UCHUJIN (espazioko errautsa) izenekoa izan zen, zientzia fizkzioaren inguruan ziharduen eta 1957. urtean sortu zenetik bere sortzailea hil arte (2010. urtean, 83 urte zituela)  202 ale argitaratu zituen jarraian.Lehenengo motakoak niretzat interesgarriagoak izaten dira, berez lan gehiago dutelako. Onak badira egileen aldarrikapentzat har daitezke, argitaletxe bat ezin aurkitu eta nolabait ezagunak izateko egiten den ahalegina baita. Bigarren motakoak, ordea ,askotan pailazokeriak besterik ez dira, denbora-pasak edota barregura sortzeko eta erraz irakurtzen diren liburuxkak. Hala ere jarraitzaile asko izaten dituzte eta egile hauek ere famatuak izatera iritsi izan dira.Egile famatu asko hasi izan dira doujinshiak egiten, hala nola, CLAMP neska taldea edo ta Rumiko Takahashi "Ranma 1/2" mangaren egilea. Batzutan zaleen arteko topaguneak egiten dira fanzineak trukean aldatzeko edota saltzeko. Hau da, ezagunak izateko Japoniako egileek erabiltzen duten modurik garrantzitsuenetariko bat.Fanzineen ideia hau munduan zehar zabalduta dabil eta edonon aurki daiteke adibide ugari. Askotan profesional bihurtu izan diren aldizkariak dira. Gure artean famatuenetarikoa izan daiteke TMEO gasteiztarra, nork ez du TMEO ezagutzen? Toki guztietan ere fanzineak kalitate ezberdinekoak izan daitezke. Sinpleenak, txuribeltzez fotokopiatutako orrialdeak dira, besterik gabe tolestuta eta landuenak profesionalen lanen maila berean egon daitezke. Bakoitzak erabakitzen du zenbateko kalitatea eman nahi dion fanzineari.Bukatzeko, lagun talde batekin hasi berri dudan proiektua aurkeztu nahi dut ere, FUNZEEN izenekoa. Formato digitalean eskuratu ahal izango da fanzinea eta zorte pixka batekin baita paperean ere. Kultur arlo ezberdinak jorratuko ditu, hala nola, poesia, zientzia, komikia, sukaldaritza, bidaiak...  ikusiz gero ez galdu irakurtzeko aukera.Jose Luis AsensioMyaku.fanzine@gmail.com www.fanzinemyaku.blogspot.com