Natur parkeko patronatua, bi urte baino gehiago bildu gabe

Guaixe 2013ko martxoaren 7a

Ingurumen Departamentuak Urbasa-Andia natur parkearen kudeaketan egiten ari den manipulazioa salatu duIngurumen Departamentuak Urbasa-Andiako natur parkeko patronatuaren funtzioak "mespretxatu" dituela salatu du Gurelur talde ekologistak. "Legeak agindutako bilerak ez dira egiten eta horrela gizarte eragileen parte-hartzea baliogabetu du. Bi urte baino gehiago dira patronatua azkenekoz bildu zela". Gurelurretik ohartarazi dutenez, ekimen askok ez lukete patronatuaren oniritzirik izanen, "proposamen gehienek abeltzainen eta ekologisten ezezkoa jasoko bailukete, parkearen ohiko erabileren eta natur-balioen kontserbazioaren kontrakoak baitira". Talde ekologistak salatu duenez, "natur parkeko baso kudeaketan ez dira irizpide jasangarriak erabiltzen ari. Egurketarien interesak ingurumen eta gizarte interesen gainetik jarri dituzte". Talde ekologistako kide batek azaldu digunez, "parkean dagoen legez kanpoko harrobiaz, kanpinaren hondakinen kudeaketaz edota egiten uzten ari diren jardueren inguruan azalpenak ematea nahi dugu. Ekarpenak egin, eztabaidatu". Departamentuari ingurumen sentsibilitate eskasa egotzi diote. Patronatua Gurelur kidea da. Taldetik gogora ekarri dutenez, natur parkeko patronatuan, legeak hala aginduta, babestutako eremuan garatu nahi diren jarduerak eztabaidatu, babestu edo atzera bota behar dituen gizarte-parte hartzeko organoa da. Gurelurrek salatu duenez, "departamentuak ez du araudia betetzen, patronatu kideei ez jakinarazteko natur parkean zer ari diren egiten".