Porlandegiaren IBBri helegitea aurkeztu dio 3MBk

Guaixe 2013ko martxoaren 7a

Olatzagutian hondakinak erregai gisa erabili ahal izateko Nafarroako Gobernuak Cementos Portland Valderribasek Ingurumen Baimen Integratu (IBB) berria eman zion. Erabaki hori berraztertzeko helegitea aurkeztu du 3 Mugak Batera (3MB) plataformak. 3MBk eskatu du gobernuaren erabakia baliogabetzea edo haren deuseztagarritasuna. Helegitea Sakana, Goierri, Arabako Lautada eta Lizarraldea ordezkatzen duten plataformako kideek aurkeztu dute.Plataformatik gogora ekarri dutenez, 55.000 tona hondakin errausteko akordioa dute Nafarroako Gobernuak eta Portlandek. Gogora ekarri dutenez, "hitzarmenean hondakinak balioztatzea sustatzeko eta areagotzeko helburua dago". 3MBko kideek gaineratu dute gobernuak aitortu duela Olatzagutiko planta martxan jartzean Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integralean (NHKPI) aurreikusitako hondakinak errausteko plantaren ahalmena berregokitu beharko litzatekeela. Europako zuzentarauak halako planetan instalazioen kokapena zehazteko irizpideei buruzko eta instalazio horien ahalmenari buruzko informazio nahikoa emateko eskatzen duela ere nabarmendu dute. Nafarroako Gobernuak hondakinen kudeaketa eginen duten instalazioen kokapena esku pribatuetan ezin duela utzi ere gaineratu dute plataformatik.