Ibarraren berri Parlamentuan

Guaixe 2013ko martxoaren 7a

Gaur goizean Garazi Urrestarazu (Altsasuko Alkatea), Gaizka Uharte (LAB sindikatua) eta Joseba Garmendia (Sakantzen sareko kidea eta UPVko irakaslea) Parlamentuko ekonomia, ogasun, industria eta enplegu batzordean izan dira. Sakanaren egoeraren berri eman eta alternatibak emateko joan dira Iruñera. LABeko ordezkari Gaizka Uhartek Sakanaren egoera sozio-ekonomikoaren berri emateko hainbat datu eman ditu: langabeziarena, gizarte segurantzako afiliazioa, itxierak, elikagai bankuak banatutako jakiak... Sakanan 2.190 lanpostu suntsitu direla azaldu du, "dauden langabetuen kopurua baino altuago, inguruko eskualdeetatiko jendeak ibarrean egiten zuelako". Panorama horren aurrean LABeko kideak enpleguaren suntsipena gelditzea eskatu du. Sakanaren beharretarako gizarte eta ekonomia eredu egokia beharrezkoa dela gaztigatu du Uhartek. Aldi berean, guztiek bizi duina bermatua izateko gizarte babesa indartzea eskatu du. Azkenik, ekonomi ehuna dibertsifikatzea proposatu zuen eta, horrekin batera, krisi mahaian adostutakoarekin ados agertu da. Eta gogora ekarri du ibarreko bereko lantegi asko Sakanan bertan gelditu direla eta inbertitzen ari direla. Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuk ibarrean egoerari buelta emateko "elkarlanean, adostasun giro altuan" sortutako dinamiken eredu gisa jarri du krisi mahaia eta han adostutako puntuak. Orain arte Nafarroako Gobernuarekin izandako harremanak antzuak izan direla azaldu du eta "kolaborazio marko sendo eta bilateralak sortzea" eskatu du. Bestetik laguntza eskatu du: plan estrategikoa dinamizatu eta idazteko; energia ikerketak egiteko; industria eremuen analisia egiteko; eskualdeko agenda 21 ezartzeko eta garapen agentziak bere lana eta helburuak betetzeko.Alkateak udalek bizi duten egoera aipatu nahi izan du. "Nafarroako Gobernutik zetozen finantziazio iturriak murrizten edo desagertzen ari dira. Ondorioz, udalak gara gure baliabide murritzekin finantziazio falta hori gure gain hartzen ari garenak". Elkarlanerako eskaintza luzatu du. Azkenik, Sakantzen Sarearen izenean Joseba Garmendiak hartu du hitza. Sarea zer den eta bere ibilbidea errepasatu zuen. Tokiko garapena indartzeko ahalegina egiten ari direla nabarmendu du Garmendiak. Eta zehaztu du tokiko garapena prozesu ekonomikoa baino prozesu soziala eta politikoa dela. Adostasun zabaletan oinarritutako tokiko garapen estrategien alde agertu da Garmendia, behetik gorakoak, beti ere.Tokiko garapena errazteko erakundeen egituraketaz hausnartu beharra dagoela gaztigatu du sareko kideak. Sakanarako plan estrategikoa modu parte-hartzaile batean egiteko asmoa aurreratu du. Eta ibarra dinamizatzeko motoreak sortzearen garrantzia azpimarratu du. Horretarako, aurrera egiteko laguntza eskaera egin du eta ezinbesteko jo du Nafarroako Gobernuaren eta Sakanako eragileen arteko erlazio "normala eta naturala". Irakasleak parlamentariei ohartarazi die Sakanan paradigma aldaketa bat eman dela: "orain gutxira arte pentsatzen zen gure konponbidea zela Nafarroako Gobernuari eskatzea eta kanpotik enpresak ekartzea. Paradigma aldatzen ari da. Sakandarrok eta Sakanako erakundeak barneratu dute haiek direla bere etorkizunaren jabe eta arduradun. Noski, beraiek bakarrik ezin dute, eta horregatik gaude hemen". AlderdiakBilduk eskatuta egin da lan saioa eta Bikendi Bareak bere txandan bat egin zuen sakandarren eskaerekin eta ikuspegiarekin. Alde biko elkarlan markoak "guztiz orekatuak" izan behar dutela zehaztu du. UPNko Coro Gainzarendako egokiena da inbertsioak sakandarrek egitea, "betetan egonkortasuna eta etorkizuna eman behar duena baita". Samuel Caro (PSN) sakandarren  lankidetza jarrera eskertu zuen. Aberastasun banaketaren alde eta murrizketa politikak etetearen alde agertu zen. Horretarako finantziabideak sustatzearen alde agertu zen. Nafarroako Gobernuak herrialdea bere osotasunean hartu behar duela, garapen armonikoa sustatzeko adierazi du, baina zehaztuz "diskriminazio positiboa" egoki jo du. Txentxo Jimenez (Aralar-NaBai) nabarmendu du krisialdiak eraginda pertsonen oinarrizko behar izanak tokiko erakundeak betetzen ari direla Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen duelako. Nafarroako eta Espainiako gobernuei krisiaren kudeaketa okerra egitea egotzi die. Sakandarren proposamenekin bat egin du. PPko Ana Beltran izan da zorrotzena. Autokritika falta eta biktimismoa egotzi die Sakanatik joandakoei. Eskualdean "25 urte daramazue agintean, inplikazio errealik gabe. Abertzaleek agintzen duten beste eskualdeetan egoera ez da bera". Sakanan egitasmo guztien kontra azaltzen garela salatu du. Altsasuko alkateari zuzenduta enpresak ez laguntzea, enplegurako diru partida egokirik eta ez bideratzea leporatu dizkio besteak beste. I-Eko Jose Miguel Nuinek entzundakoa egoki jo du. Nafarroako Gobernuak murrizketa politikekin besterik ez dagoela konprometituta salatu du. Parlamentuan Sakanarako plan berezia eskatu dela ere gogorarazi du, baina gobernuaren lehentasuna ez dela ziurtatu du. Erakundeei eta sakandarrei egoeratik ateratzeko konpromisoa eskatu die. Azkenik, Geroa Baiko Manu Aierdik gogora ekarri du dagoeneko 2005ean parlamentuan egindako agerraldi batean Sakanaren egoera okerraren berri ematen zela. Ibarrean egindako ahaleginak aitortu ditu eta bide beretik segitzeko animatu eta laguntzeko prest azaldu da. Pasatako garaietatik ikasi beharra nabarmendu zuen, kokapen eta prestakuntza egokia izanda egoera honetara iristeagatik. Urteetan Sakanan ezker abertzalearen eta UPN/PPren arteko "tren talka" izan dela ziurtatu du: "erdian geundenak disgustuak izan ditugu". Enpresarien ibarrean sufritu dutena ere aitortu du.