Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mugimendu feministak eta emakumeen erakundeek aldarrikatutako eskubideak, pixkanaka eta ahalegin handiarekin, eskuratzen joan ziren XX. mendean zehar. Nazio Batuen Erakundeak 1975ean martxoaren 8a Emakumeen nazioarteko eguna izendatu zuen, gizon-emakumeen arteko berdintasun aldarrikapenari mundu guztian bultzada emanez. Gaur da eguna eta Sakanan bada zer aldarrikatu oraindik. Gainera, hainbat jarduera antolatu dira. Irurtzunen bihar Idoia Aragonekin kafe-solasaldian parte hartzeko aukera izanen da. Bildutakoak sexualitatea zentzuen bidez aberasteko aukerez ariko dira hizketan, 16:30etik aurrera, kultur etxean. Gauean Iratxo elkartean afaria izanen da. Asteazkenean, berriz, 18:00etarako jarri dute hitzordua plazan. Han bilduko diren irurtzundarrak Iruñera zinemara joanen dira. Heldu den ostiralean, berriz, herriko antzerki tailerrak prestatu duen antzezlanaren aurreneko emanaldiak eskainiko ditu. Via Campesinanazioarteko erakundeko nekazari eta abeltzainek emakumeen indarkeriaren kontra kanpaina abiaraziko dute. Gaur, 17:00etan, Etxarri Aranazko plazan horren berri emanen dute. Hura despedituta, Etxarriko emakumeen batzordeak antolatuta auzatea izanen da, 17:30etik aurrera. Ondoren Altsasun antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu dute. Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak gaur aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu Emakumeen nazioarteko egunean. Gure gorputza, gure erabakia leloarekin, 19:00etan, manifestazioa abiatuko da Foru plazatik. Hura despedituta Alde Zaharrean triki-poteoa izanen da. Hura despeditzean, Zubi-ondo elkartean afaltzera bilduko dira emakumeak. Gaua gaztetxean izanen den kontzertu eta jaiarekin despedituko da: Flamenkituk eta Azuk joko dute. Bestalde, atzo eta hurrengo bi ostegunetan emakumeek Iortia kultur gunean emanen diren filmak dohainik ikusteko aukera izanen dute. Gonbidapenak ordubete lehenago jaso behar dira.Olatzagutian, berriz, herenegun Pakistango emakumeen egoerari buruzko hitzaldia izan zen. Gaur, 20:00etan, San Migel plazan kontzentrazioa deituta dago, Feministon sokari eutsi, sistema hau erautsi! leloa duena. Egitaraua bihar, 20:00etan, kultur etxean izanen den antzezlanarekin despedituko da. Altsasuko UdalaBerdintasunak mundua eraldatzen du: defenda ezazu! Lelo hori aukeratu du Altsasuko Udalak gaurko egunerako. Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak, bando bidez, krisiak krisi ohartarazi du: "egonkortuta zeudela uste genuen eskubide eta jendartearen lorpenetan atzera pausorik egon ez dadin eta hasitako bideari jarraitzeko helburuaz, nahitaezkoa da emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lehentasunezkotzat jotzea eta horren alde egitea". Udalak helburu horrekin duen konpromisoa berretsi du alkateak.