Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak laster jarriko du martxan hondakin sistema bilketa berria eta hainbat sakandar enpresa eta gizarte eragile haien ekarpena egiten ari dira. Batetik, Igoarking enpresa. "Anaia eta biok Etxarrikoak gara, Lakuntzan dugu enpresa, eta eraikuntzarako enkarguak egiten ditugu", dio Andoni Igoak, enpresako sortzailea. Mank-ek bere proiektua aurrera ateratzeko eraikuntza batzuk beharko dituenez enkargua egin zien. Altsasuko Amai taldeko bi lagun diseinatutako etxolak muntatzen ari dira. Bata Ihabarko ekarpen gune bat izanen da, bestea auzo-konpostaje kaxeta, Etxarriko Mikel Arregi enparantzan jarri dena. "Egiten ari den gauza on bat da Sakanako enpresak eta Sakanako langile batzuk elkarlanean jartzea da. Azken finean, bai eguraldiaren ikuspuntutik, bai krisiarenetik, negu gorria pairatzen ari gara eta. Beraz, proiektu honek lan aukera on bat eskaintzen digu", dio Jabi "Trapero"-k, Amai taldeko kideak."Egurra Nafarroakoa da ere. Hori garrantzitsua dela iruditzen zaigu kanpotik ekartzen badugu... nolako propaganda egiten diogu gureari! Nik uste dut saiatu behar dugula ahal den guztia hemengo jendearekin eta hemengo materialekin egiten", aipatzen du Andonik.I+G+B; egurrezkoak, sendoak eta herrian integratuak Ikerketa gehi garapena gehi berrikuntzatik abiatzen da proiektua, sistema herri bakoitzean egokitzeko eta bere nortasuna mantentzeko. Horregatik, hemengo atez ateko zintzilikarioak ez dira Usurbil edo beste herrietakoak bezalakoak. Hauek bereziak dira. "Diseinatu ditugun posteak egurrezkoak izanen direnez, integratuagoak egonen dira eta batez ere sendotasuna izanen dute", aipatu du Andoni Igoak. Izan ere, biltzen diren hainbat poste gunetan loreak jartzeko asmoa aztertzen ari da. Kontzejuetan ez dugu zintzilikariorik izanen, ekarpen guneak baizik. Edukiontzi berdea desagertuko denez konpostajea bultzatuko da. Beraz, ekarpen etxola horietan hiru edukiontzi izanen dira: horia, urdina eta grisa (errefusarako, birziklatzen ez denerako). "Egurrezkoak izanda, herri bakoitzaren beharren arabera egokitu ahalko dira. Etxola erraz handitu edo luzatu daitekeelako egurrezko zutabeak jartzen edota kentzen", Javi "Trapero"-ren arabera."Guk ere uste dugu egurra etorkizuna dela beti hemen bertan izan baitugu. Gainera bio-eraikuntzan zerikusia dauka, eraginkortasun energetikoan oso garrantzitsua da eta material eraginkorra da. Horregatik bai kontzejuetako ekarpen etxolak, bai autokonpostajerako kaxetak eta Atez Ateko posteak, egurrezkoak diseinatu ditugu", gehitu du Igoarking enpresaren sortzaileak.Hemengo eguraldia Dakigunez hemengo eguraldiak eragin handia du eraikuntzetan. Proiektuan lan egiten ari direnek ongi dakite hori eta kontuan hartu dute. "Nik uste dut indartsuak direla. Adibidez, Etxarriko etxola ezarri baino lehen aztertu genuen nondik datozen haize bortitzenak. Urtean behin edo bitan 160 kilometro orduko haize boladak ditugu eta hauek aguantatzeko etxolaren kokapena pentsatuta dago. Jakintza hori daukagu hemengoak garelako, hemen lan egiten dugulako eta bizi garelako", dio Jabi "Trapero"-k. Ditugun euri zaparradak ere kontuan hartu izan dira. "Ahal den gutxien kaltetuak izateko egurrak tratamendu berezi bat izango du. Gainera, ura gainean ez gelditzeko posteari aldapa jarriko zaio. Dena uretik aldentzeko", esan du arkitektoak.Ingurumenaren aldeko konpromisoaGu oso gustura ari gara lan egiten, aldaketa beharrezkoa dela uste dugulako. Hasieran ez nekien ze garrantzia izango zuen baina parte-hartze bileretara joan ginen eta ulertu genuen ezin dugula zaborra lurperatzen jarraitu. Ikasi genuen, beraz, sistema berri bat erabiltzea derrigorrezkoa dela", aipatu dute Igoarking enpresatik. Amai taldekidekoek ere argi dute: "Azkenean denok batera egin behar dugu. Jaberik gabe, politikorik gabe, argi izan behar dugu nola kudeatu behar den zaborra. Hemendik gutxira ezin izango ditugu lurperatu. Beste aldetik, hondakinak berreskuratu behar ditugu, lehengaiak bukatzen direlako eta gainera birziklatzearekin batera, txipa aldatzea eta kontsumoa murriztea pentsatu behar dugu", argitu du Jabi "Trapero"-k.Guztion iritzia kontuan hartzen daParte hartze bileretan egin izan den bezala, Mankomunitatean ekarpen guztiak kontuan hartuko dira. Alegia, estetikaren ikuspuntutik. "Nik uste dut kaxetak politak direla. Baina lehena da. Prototipo bat da. Lehenak izaten ari gara eta proposamenak egiten ausartak izan behar dugu, aldatu daitekeelako. Alegia, margotu gabe gustatzen ez bazaigu graffiti batzuk egin ahal dira... Baikorrak izan behar dugu eta aldaketak proposatu egokiena lortu arte. Bai guretako, bai ingurumenarendako", gehitu du Amai Taldekoak. 2. errondako parte hartze bilerakAtez ateko bilketa puntuen proposamena azalduko da bizilagunek euren ekarpena egin dezaten. Finkatuta dauden datak hauexek dira:Martxoaren 20an, asteazkenean, 19:00etan Urdiaingo udaletxean.Martxoaren 21ean, ostegunean, 19:00etan Uharte Arakilgo udaletxean.Martxoaren 25ean, astelehenean, 19:00etan, Lakuntzako udaletxean.Martxoaren 25ean, astelehenean, 20:00etan Arbizun udaletxean.