Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1961.urtetik urtero bezala aurten ere martxoaren 27an Antzerkiaren Egun Mundiala ospatuko da. Antzerkia (grekoz Théatron "kontenplatzeko lekua") arte eszeniko adar bat eta literatura genero bat baino askoz ere gehiago da. Istorioak, pentsamenduak eta emozioak errepresentatzen dituen elkarrizketa, keinu, eszenografia, musika, soinu, mugimendu, kolore eta abar luze-luze bat da.Antzerkiak hunkitu, kontatu, argitu, eztabaidatu, asaldatu, haserretu, goraipatu, jakinarazi, probokatu egiten du. Antzerkia komunikazio bide bat da eta bere helburu edo aditz nagusia komunikatzea den arren, bere atzean mila aditz gehiago daude: jolastu, ikertu, entzun, mugitu, bidaiatu, konpartitu, txalotu, hitz egin, negar egin, barre egin, pentsatu, disfrutatu, sentitu, amets egin... eta mila aditz, ekintza, hitz, kolore eta usain gehiago aipa nitzake. Baina zutabe honetan gehienez bi mila eta zazpiehun karaktere ditut mugatuak espazioekin, beraz gaurkoz ezin.Antzerkia beti egon da gurekin eta beti egongo da. Beharrezkoa da istorioak kontatzeko, bizipenak ez ahazteko, erreflexioak egiteko eta, nola ez, irri egiteko ere bai.Aurreko egunean nire ohean nengoen duela urte asko idazle batek idatzitako hitzak irakurtzen, non agertzen zen protagonista bat zeinak bere buruaz beste egiten zuen ondoko auzolagun batek etxea kentzen ziolako. Akaso hamasei urte nituenean, lehendabiziko aldiz irakurri nuenean, sinestezina iruditu zitzaidan istorio hau. Baina pasa den egunean, berriro irakurri nuenean, ez zitzaidan hain sinestezina iruditu. Zergatik izango da?Ez dakit non egongo garen hemendik berrogeita hamar urtetara, ezta bost urtetara ere. Ezta gizarteak nola funtzionatuko duen hemendik ehun edo mila urtetara... dakidana da ez direla ahaztuko gaur egungo istorio eta bizipenak, antzerkia mantentzen den bitartean. Antzerkiak bizirik mantenduko ditu bere etxetik salto egin duten gorputz eta arimak eta hegan joango dira urteetan zehar hitz, musika, mugimendu, keinu, soinu, argi... eta abarren esku eta laguntzaren bidez.Antzerkia beharrezkoa dugun komunikabidea eta ekintza poetikoa da. Nik komunikazio poetikoan sinisten dut. Eta zuk?Erkuden de Andrés Imazwww.hegandream.com