Mank-ek Portlandeko UGPSri helegitea aurkeztuko dio

Guaixe 2013ko martxoaren 21a

Asteartean egindako bilkuran Sakanako Mankomunitateko batzarrak erabaki zuen Olatzagutiko porlandegian hondakinak balioztatzeko Nafarroako Gobernuak emandako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialari (UGPS) helegitea aurkeztea. Ilbeltzaren 16an emandako baimen horrekin batera, foru administrazioak Portlanden ingurumen baimen integratu berria eta proiektuaren ingurumen inpaktua eman zituen. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien salara joko du Mank-ek. Bi oinarri izanen ditu Mank-en helegiteak. Batetik, UGPS udal autonomiaren kontra egiten duela argudiatuko da, Olatzagutiko Udalaren ordenantzen aurka jotzen duelako. Bestetik, Mank-ek argudiatuko du Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Planean (NHKPI) ez dela aurreikusten porlandegietan hondakinak erraustea. Gobernuak lotura duela diola dio eta hala jasoa dago administrazioak eta enpresak sinatutako hitzarmenean. Baina NHKPI baliorik gabe utzi zuen epaiaren ondoren porlandegiaren balioztapen egitasmoak babes juridikorik duen ere zalantzan jarriko du Mank-ek. 387.000 euroko maileguaSakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria ezarriko du aurten. Hura finantzatzeko mailegua eskatu du Rural eta Euskadiko kutxetan, erdi bana. Bideragarritasun planean mailegua eskatzea aurreikusia zegoen. Sistema berriaren ezarpenak milioi bat euroko aurrekontua du.