Lau herri Antzokien Sarean

Guaixe 2013ko martxoaren 21a

Astelehenean sortu zen Nafarroako Antzoki Sarea osatzen duten toki erakundeen elkartea. Irurtuzn, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko udalek osatzen dute sarea, Nafarroako beste 21ekin batera. Lehen saiakera baten ondoren, bigarren aldiz eratu da sarea. Bere egitekoa da, besteak beste, arte eszenikoen eskaintza profesionala, anitza eta kalitatezkoa eskaintzea erregularki; elkarteko kideen baliabideak optimizatzea eta Kultura Departamentuarekin elkarlana sustatzea. Sareak Nafarroako Gobernuarekin hiru urterako hitzarmena sinatuko du eta haren bidez foru administrazioak 192.000 euro emanen ditu sarearen funtzionamendurako. Gainera, urtero diru kopuru bat emanen du programazioetarako. Aurten 400.000 euro izanen dira.