Wert legea, informatu aurka egiteko

Guaixe 2013ko martxoaren 21a

Espainiako Hezkuntza Ministerioak sustatutako lege berria, Wert legea, zertan datzan azaltzeko atzo egin zen Sakanan aurreneko bilera. 30 bat pertsona bildu ziren Altsasuko Gure Etxea eraikinean. Ibarrean eginen den informazio bilera erronda baten lehena izan da atzokoa. Wert legeaz informatu nahi dituzte sakandarrak, "gurasoen ardura izateaz gain, gizarte osoarena ere badelako hezkuntza". Bileran izandako guraso batzuk esan digutenez, Espainiako hezkuntza lege berriak 70. hamarkadako eredua dakar. "Madrilen zentralizatzen da guztia: curriculuma, helburuak, edukiak, ebaluatzeko era... erkidegoek pisua galduz". Ikastetxeetan botere guztia zuzendariaren esku uzten du lege proposamenak. "eskola kontseiluak, gurasoek, irakasleek... ez dute inolako indarrik. Kontsulta egitea besterik ez dute aurreikusten". FinantziazioazBileran izandako gurasoek azaldu digutenez, lege berria ezarriz gero hezkuntza ziklo bakoitzaren akaberan ikasleek azterketak egin beharko lituzkete. "Ikasleen emaitzen arabera ikastetxeek diru gehiago edo gutxiago jasoko dute. Ikasteari ez dio garrantzirik ematen, notei baizik". Lege erreformak ikastetxe "eraginkor, errentagarri eta produktiboak" sustatu nahi dituela salatu dute. Eredu horretan zailtasunak dituzten ikasleak non sartzen diren galdetu dute. "Haiek hartzen dituzten ikastetxeen finantziazioa jaitsi eginen da. Beraz, lehen mailako eskola onak egonen dira eta ez diren beste batzuk". Diru publikoa ikastetxe kontzertatuetan bukatuko duen beldur dira. Sexu banaketa egiten duten ikastetxeendako finantzabide bat ere ikusi dute lege egitasmoan. Gurasoak kritiko azaldu dira egungo prestakuntza integrala baztertu eta merkatuaren beharren araberako heziketa ematea aurreikusten duelako legeak. Ikasketa humanistikoen pisuen galera aipatu dute, baita ikasleek 14 urterekin bere etorkizuna hautatu beharko dutela. Bestalde, erlijioari lege berriak garrantzi handia ematen diola azaldu digute.