Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Feministak (AF) taldeak Nafarroako Gobernuak Izargi zentroan egindako murrizketak salatu ditu. Foru administrazioak darabilen arlo horretan darabilen "politika zapaltzaileagatik" kezka azaltzearekin batera, dei egin diete Sakanako gizarte agente, gazte talde, erakunde eta udal guztiei "UPNren politika eta gizarte murrizketa berri hori salatzeko". Feministek "kolektiboki borrokatzen jarraitzeko beharra" berretsi dute, "lehenago ere gure borrokaren bidez lortu genituen eskubideetariko bat bera ere ez galtzeko". Etxarri Aranazko osasun etxean zabaldu zen Izargi zentroa 1996an. AF-tik diotenez hezkuntzaren eta prebentzioaren gainetik gobernua berehala laguntza alor hutsari lehentasuna ematen hasi zen. 1.998an, UPN gobernuarekin batera, "sexualitatea ulertzeko modu murritza eta mugatua" ezarri zuela adierazi zuen, Izargi gizarte guztirako zentroa izatetik emakumeendako zentroa izatera pasaz. Murrizketen "soka lasterra"Lehen-lehenik "Gazte Programa" kendu zuen. Handik aurrera administrazio langileei ez die sexualitatearen gaineko prestakuntzarik eman. Jarraian, azterketa ginekologikoak urtero egin beharrean hiru urtetik behin egiten dira. Gero, "sexu hezitzaileak" (sexologian prestatutako adituak) bota zituzten, eta, horien ordez, "osasun hezitzaileak" jarri zituzten (sexologiaren gaineko prestakuntzarik gabe). Handik gutxira emagin baten lanaldia murriztu zuten. Geroztik, Ginekologia Zerbitzua ez da egunerokoa, eta ginekologoa oporretan dagoenean ez dute ordezkorik jartzen. Jarraian, Gozamenez programa moztu zuten (gazteriaren eta sexualitatearen gainekoa). Gero Erizaintza Zerbitzua kendu zuten. Abenduan Gazteriaren Kontseiluko osasun teknikariak kendu zituzten, Nafarroa osoan Gozamenez programa dinamizatzeaz arduratzen ziren profesionalak. Otsaila bukaeran Hezkuntza Zerbitzua murriztu zuten; lanaldi erdian utzi zuen Nafarroako Gobernuak.