Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!

Guaixe 2013ko martxoaren 22a

EHEk apirilaren 13an Agoitzen ospatuko den Euskaraz Bizi Egunera joateko autobusa antolatu du. Lakuntza, Etxarri eta Altsasun, ohiko tokietan eman daiteke izenaTitularra Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak antolatu duen Euskaraz Bizi Eguneko leloa da. Lelo sakandarra. Izan ere, Etxarri Aranazko EHEk udaleko Euskara Batzordearekin abiatu zuen egitasmo batetik atera da. Bahametan gertatzen dena du oinarri: hiritar beltz bat espaloitik joaten zenean, txuri batekin gurutzatzen zenean, espaloitik jaisten zen. Euskal Herrian ekarriz euskaldun gehienok "berdin jokatzen dugula" diote EHEko kideek: "erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugula salto". Sakanako EHEk aurtengo Euskaraz Bizi Egunaren bitartez, ideia horretan egin nahi dugu indarra: " herri euskaldunari zuzentzen gatzaizkio euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi, eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaldunok". Eragile euskaltzaleko kideek azpimarratu dutenez, "euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu garaiotan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz". Horregatik, "estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, baina exijitzeari utzi gabe, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu". EHEko kideek ziurtatu dute "aldaketa estrategikoen alde egiteko garaia" dela. Eragilea euskaltzaletik "euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa". Euskaltzaleen helburuak lirateke: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea.