Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haize Berriak bandak bihar ikasle eta irakasleekin kontzertua emanen du, 20:30ean Iortia kultur gunean. Etziko sarrerak erosiak zituenak, larunbaterako erreserbatuak dituJoan zen urteko etenaren ondoren, ekonomiak ez zuen ematen, Haize Berriak bandak bere proiektu estimatu bati heldu dio: Dando la vara nazioarteko tronboi ikastaroa, Nafarroako Banden Federazioaren laguntzaz antolatzen duena. Gaurtik igandera arte hainbat tokitatik etorritako 30tik gora tronboi jole Altsasun izanen dira. Ikastaroak bi maila ditu. Hasi berrienen mailan musika eskoletan ari diren ikasleak bilduko dira eta klase kolektiboetan parte hartuko dute. Ikasle aurreratuen mailan, berriz, kontserbatorioetako ikasleak eta tronboi jole profesionalak ariko dira. Musika eskolako geletan irakasle ariko dira Victor de Andres (Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko irakaslea), Marco Bellizzi (Gasteizko bandako bakarlaria) eta Victor de Andres (Gasteizko Udal Bandako bakarlaria). Haiekin batera, ohi bezala, atzerrian sona handia duen musikari bat: Becky Smith. Ingalaterrakoa, munduan barna makina bat emanaldi eskaini ditu emakumez osatutako Bones Apart tronboi laukotearekin. Freelance musikari gisa Britainia Handiko makina bat orkestrekin jo du. Sakanako musika bandako zuzendari Luis Orduñak esan digunez, pertsonalki ezagutzen ez duten atzerriko aurreneko irakasle gonbidatua da. "Prestaketan ari ginela, etorkizun handia duen gaztea dela azaldu zuten. Gonbitea egin eta onartu zuen. Egia esan Gilles Milliere (Parisko Goi Mailako Kontserbatoriokoa) irakaslea aritu ondoren ikastaroak itzala du". KontzertuaOrduñak azaldu digunez, biharko emanaldian irakasleak eta ikasleak ariko dira bandarekin batera. Aurreneko zatian dantzari omenaldia eginen zaio eta horretarako egungo emakume-musikagileek sortutako musika joko du Haize Berriak bandak, Becky Smith bakarlari gonbidatua delarik. Dantzak femeninoan izenburua du aurreneko zati horrek eta "emakume sortzaileen lana ikusarazi nahi dugu", esan digu Orduñak. Emanaldiaren bigarren zatian, Smith bakarlari gonbidatu gisa ariko da, baina berarekin batera ikastaroko beste hiru irakasleak eta ikasle guztiak ere. Guztiak Orduñak zuzenduta. Haize Berriak bandatik "umorea eta musika ona" ziurtatu dituzte.