Zabaleta, sakandar bakarra Binakakoan

Guaixe 2013ko martxoaren 25a

Binakakoa. Finalerdietako ligaxka. 1 jardunaldiaZabaleta-Irujo / Olaizola II-Zabala (larunbatean Gasteizko Ogetan)Berasaluze VIII-Albisu / Bengoetxea VI-Beroiz (igandean)Despeditu da Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka, eta polemikarekin gainera. Finalerdietatik kanpo geratu eta gero Titinek ETB1en egindako deklarazioek, bere enpresak euren interesak defendatu ez izana adierazi nahian, hautsak astindu ditu Aspen, eta Eibarko promotorak oharra kaleratu behar izan du adierazpen horiek gogor errefusatuz. Titin eta Merino ez dira finalerdietan egongo, bai ordea Berasaluze VIII eta Albisu (6 puntu). Eurekin batera Bengoetxea VI-Beroiz (10 puntu), Olaizola II-Zabala (10 puntu) eta Zabaleta-Irujo (11 puntu) ariko dira. Tamalez, 5 punturekin finalerdietatik kanpo geratu dira Ezkurdia-Zubieta sakandarrak, Xala-Barriola (5 puntu) eta Arretxe-Begino (3 puntu) bikoteekin batera. DatorrenaJose Javier Zabaleta izango da finalerdietan ariko den sakandar bakarra. Albisuren ama lakuntzarra da, eta, hortaz, lakuntzar asko ere poztu dira Albisuk aurrera egin duelako. 21 urteko Etxarrengo atzelariak debut ikusgarria egin du Binakakoan, eta espero dezagun finalerdietan ere lan ikusgarria egitea. Bera eta Irujo dira faborito nagusiak, Aimar Olaizola eta Ibai Zabalarekin batera. Hain zuzen ere finalerdietako lehen jardunaldian aipatu bi bikoak lehiatuko dira. Ikusmina handia da eta oso inportantea da jokoan dagoen puntu hori. Baina beste bi bikoak, Bengoetxea-Beroiz eta Berasaluze-Albisu, ez dira, inolaz ere, alboratu behar. Katedrak aspaldiko partez inoiz baino irekiago ikusten du txapelketa, parez pare. Elkarren kontra ariko dira bi bikoak igandean. Hurrengo asteburuan irabazleak elkarren kontra lehiatuko dira eta galtzaileak elkarren kontra, eta hurrengoan ordura arte jokatu ez diren norgehiagokak. Bi biko onenak sailkatuko dira final handirako. Argi dagoena da txapeldun izan nahi duenak lan ikaragarria egin eta izugarri izerditu beharko duela. Beste fase batean, berriro ere txapelketa zerotik hastera doa. Azken jardunaldiaBinakako hasierako ligaxkako 14. eta azken jardunaldian, Irujok eta Zabaletak 22-8 hartu zituzten menpean Arretxe eta Begino. Jaun eta jabe izan ziren Zabaleta eta Irujo. Aldiz, Ezkurdiak eta Zubietak 22-11 galdu zuten Aimarren eta Zabalaren kontra. Aitor Zubieta ez zen eroso aritu, eta nahiz eta Ezkurdiak tanto politak egin eta Aimarren kontra defentsa sendoa egin, sakandarrek ezin izan zuten Olaizola eta Zabalaren kontra.