Altsasutik: goazen hiru mendizerrak batzera

Guaixe 2013ko martxoaren 27a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideak lanean daude buru-belarri, apirilaren 6rako antolatu duten IV. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldia prestatzen. Urtetik urtera gora egin du ibilaldiak. Lehen edizioan 240 mendizalek parte hartu zuten, iaz 720 izan ziren, eta aurten 750 mendizalerendako hornidura prestatu dute. Izena ematea zabalik dago www.altsasukomendigoizaleak.com web gunean, igandera arte. Altsasuko ibilaldia dagoeneko finkatuta dago mendizaleen egutegietan, eta horregatik kontentu daude Altsasun. Euskal Herriko mendizaleez gain, Katalunia, Madril eta Frantziako parte-hartzaileak egon izan dira. Altsasukoa bi mendi ibilbideen zirkuituan sartuta dago: Nafarroakoan eta Euskal Herrikoan. Ibilbide ez lehiakorra da. Helburua mendizaletasuna piztea eta Altsasu ingurua ezagutaraztea da. Ibilbideak Altsasu inguruko bazter eder eta anitzak ezagutzeko parada eskaintzen du: Urbasako malkorrak, Bargagaingo Sakanako panoramika ederra, Altzaniako pagadiak, Balankalekuko ikuspegi politak, Aralarko trikuharriak eta Sarabe eta San Pedroko paisaia lasaigarriak.Bi ibilbide, 48 km eta 26 kmMendizaleek bi ibilbideren artean hautatzeko aukera izanen dute: ibilbide handia, 48 km-koa eta 2.725 metrotako desnibel metatua duena; eta ibilbide txikia, 26 kilometrokoa eta 1.307 metrotako desnibelekoa. Ibilbide laburrak gutxi gora behera 7-8 orduko lana eskatzen du eta martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da. Bi ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasiko dira, 7:00etan. Antolakuntza 6:30ean hasiko da dortsalak banatzen. Mendizale guztiek Urdiainera joko dute. Urdiaindik Urbasa-Andiara igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagain eta Gainsolera helduz. Bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenak Kipular igo eta Alzaniako mendizerrara ailegatuko dira. Orobe gainditu eta gero Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsierari ekingo diote eta Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasuko Gure Etxeara helduko dira. Zerbitzu guztiakIbilbide guztia ongi markatuta egonen da eta gune konfliktiboetan laguntza egonen da eskura. 5 kontrol eta jaki eta edari hornidura gune izango dira, Gure Etxean, Urbasan, Ziordia herrian, Sorozarretan eta Saraben. Horretaz gain, ur hornidura egongo da beste hainbat tokitan. Zer jan eta zer edan ez da faltako; famatuak egin dira antolatzaileek eskainitako hamaiketakoak. Ibilbide hauek ez dira lehiatzekoak, eta hortaz, antolakuntzak ez du sailkapen ofizialik banatuko, baina mendizaleek nahi izanez gero kontroletan hartutako denbora erreferentziak jasotzeko aukera izango dute. Guztia prestatzeko Altsasuko Mendigoizaleak klubeko kideak eta boluntarioak ariko dira lanean, 60 pertsona inguru, 10 lantaldetan banatuta. Ibilbidea antolatu ahal izateko euren laguntza eman duten babesle eta laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek. Klubeko kideek egunean bertan ibilbidea ezin dutenez egin, apirilaren 28an hitzordua jarri dute Urbasa, Altzania eta Aralar hiru mendizerrak lotzeko.Izena ematea: www.altsasukomendigoizaleak.comMartxoaren 31ra arte, Altsasuko Mendigoizaleen web gunean. Prezioa: 13 euro. Antolakuntzak prestatutako 750 tokiak bete ez badira, egunean bertan izena emateko aukera egonen da, proba hasi baino ordu erdi lehenago, Gure Etxean. Prezioa:15 euro.