Zubieta eta Ezkurdia kontentu binakakoan egindako lanarekin. Zabaleta finalerdietan Olaizola-Zabalar

Guaixe 2013ko martxoaren 27a

Binakako Txapelketako finalerdietara sailkatzeko soilik puntu batera geratu dira Aitor Zubieta eta Joseba Ezkurdia. Balorazioa eskatu diegu.Aitor Zubieta: "Zorte puntu bat falta izan zaigu"Sentsazio onekin bukatu du Binakako Txapelketa Aitor Zubietak. "Azken partida kenduta sentsazio onekin bukatu dut. Pena bakarra da bi partida erabakiorrenetan, Berasaluze-Albisuren eta Titin-Merinoren kontra oso gutxigatik galtzea. Askotan detaile txikiengatik galtzen da eta hori gertatu zaigu, zorte puntu bat falta izan zaigula. Baina kontentu nago egin dugunarekin" adierazi digu Etxarriko atzelariak. Joseba Ezkurdiarekin oso gustura aritu da. "Oso ongi ikusi dut. Oso eramangarria da berarekin batera aritzeko, ongi atenditzen du. Parejetan aritzeko lekua duela argi utzi du. Badaki serio jolasten". Euren bikoa asko gustatu duela galdeginda irribarrez dio: "jokoan bikote ikusgarria eta erakargarria gara, boterea eta jokoa duena. Ea enpresak udako torneotako batean elkarrekin programatzen digun". Aste Santuan 5 t´erdian elkarrekin jokatuko duten torneoa gogoz hartuko du etxarriarrak. "Ez dakit aurrean denak sartuko garen, baina gauza berriak gustura hartzen ditut eta hau nobedadea izango da. Ea igandeko finalean hor gauden". Bestalde, buruz bururako oso ongi ikusten du bere burua Zubietak. "Buruz buruko azken edizioetan ebakuntzak zirela, eskuko mina zela... ez nengoen nire onenean. Orain, aldiz, jokoarekin nago, fisikoki ongi eta eskuak ere ongi. Gogoekin nago". Joseba Ezkurdia: "Pozik egoteko arrazoiak ditugu"Aurrelari arbizuarrak Binakako Txapelketan debutatu du, eta aitortu digunez, uste baino lasaiago ibili da. "Nahiz eta beti tentsio puntu hori izan eta momentu deserosoak egon, uste baino lasaiago ibili naiz". Egindako lanarekin pozik dago Ezkurdia. "Uste dut maila ona eman dugula. Konpetitiboak izan gara. Pena izugarria ematen du bi partida erabakiorrak oso gutxigatik galdu izana, baina pozik egoteko arrazoi asko ditugu. Txapelketan ongi ulertu gara publikoarekin eta maila ona eman dugu" adierazi digu arbizuarrak. Polemika tarteko, Titin-Merinoren kontra tanto eskas batengatik galdutako partidaren ondoren gelditu ziren aurrera egiteko aukerarik gabe. "Hil ala bizikoa zen partida eta tanto batengatik galdu genuen. Guk partida polita egin genuen baina akats potoloak baita; zorte txarra. Egin genuenarekin gelditzen gara" gaineratu du arbizuarrak. Zale sakandarren babesa eskertu du. "Ezin gara kexatu, jendeak frontoietara segitu gaitu" dio, eskertuta. Orain Zubietarekin Aste Santuko 5 t´erdiko torneoan du burua. "Sekula ez dut binaka 5 t´erdira jokatu. Ea nola moldatzen garen. Berezia izango da, seguru". Jose Javier Zabaleta: "Olaizola-Zabalaren kontra aritzeko gogoekin nago"Askorendako Irujo-Zabaleta eta Olaizola-Zabala dira faboritoak. "Ez pentsa, ligaxkan guk Olaizolari bitan irabazi genion eta Bengoetxea-Beroizekin eta Berasaluze-Albisurekin galdu egin izan dugu" adierazi digu Zabaleak. Nahiko lasai topatu dugu etxarrendarra. "Txapelketa hasieran urduriago nengoen. Orain sasoi betean nago, eskuak ongi, fisikoa ere... larunbateko partida jokatzeko gogoekin nago. Badirudi Olaizola-Zabalari tamaina hartu diegula, baina orain zerotik hasi behar gara. Ea lehendabiziko puntu hori lortzen dugun" adierazi digu etxarrendarrak. Txapelketako sentsazioetako bat da Zabaleta, Aimarrek ere bitan esan du txapelketan gehien nabarmentzen den pilotaria dela, gehien jotzen duena. "Bueno, ea egia den" dio umil Zabaletak. Materialarekin pozik dago. "Pilota normalak, politak dira, eurenak biziagoak, baina onak. Bestalde, Ezkurdiaren debutaz galdetuta, txapelketan ongi ikusi du arbizuarra. "Pena alde txikiagatik kanpoan gelditu izanak". Zorterik hoberena opa diogu Zabaletari. Ea finalean ikusten dugun.