Nafarroako udaletako eta kontzejuetako ordezkariak apirilaren 6an Burlatan eginen den batzarrera deitu ditu Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak. Bilera deitu dutenen artean Irurtzungo eta Altsasuko udalak daude. Plataformak legegintzaldi honetan bi helburu ditu. Batetik, Hipoteka Legearen gehiegizko erabileraren bidez Nafarroan Artzapezpikutzak bere izenean jarritakoak bertan behera uztea eta, bestetik, ondare historiko horren jabetza Nafarroako herriena dela aitortzea.
Bide horretan Nafarroako Gobernuari bi eskaera zehatz egitea aztertuko dute batzarrean. Lehenik, udalerriei informazio juridiko eta historikoa eskaintzea, beren herri-ondarearen jatorri eta eskubideei buruzkoa, eta Eliza katolikoak bere izenean jarritako ondasunak berreskuratu nahi dituzten Udal eta Kontzejuei laguntza ematea. Bigarrenik, Nafarroako Gobernuak diru publikoarekin egiten dituen inbertsioen berri ematea, Eliza katolikoak bere izenean jarritako ondare nafarra konpondu, hobetu eta zaintzeko, ehunekotan argi zehaztuz zenbatekoa den Nafarroako Gobernuaren, Estatuaren eta tokiko erakundeen ekarpen publikoa, kostu osoarekiko.
Isiltasuna
Eskakizun horiekin dagoeneko 150 udalek eta kontzejuk bat egin dute. Baina elizbarrutiak bereari eutsi eta isiltasunean babestu da, bere izenean jarri dituen ondasunak saltzen, alokatzen, sarrerengatik dirua jasotzen eta abar jarraitu bitartean. Gainera, kasu askotan, utzikeriak jota, hondatu egin dira ondasun horiek, funts publikoak eta herritarrek (Nafarroako Gobernuak, Udalek, auzolanak...) horiek konponduko dituzten esperantzarekin, ondoren Elizak nahieran erabil ditzan. Horregatik, toki entitateei plataformak eskatu die guztiz edo zati bat hondatuta duten eraikinen zerrenda osatzea.
Plataformak garbi du eliza ez dela gai bere izenean jarri dituen ondasun guztiei eusteko, eta bistakoa da herritarrak gero eta uzkurragoak izanen direla eraikinak zaintzeko, jabetzaren auziak kolokan jarraitzen duen bitartean, behintzat.
66
Artzapezpikutzak Sakanan bere izenean erregistratutako ondasun kopurua.