Pablo Urtasun bigarrena Zornotzako Klasikoan

Guaixe 2013ko apirilaren 8a

Muniketa eta Autzaganeko igoera eta gero 20 txirrindularietako tropela iritsi zen Zornotzako helmugari. Gutxigatik baina tamalez garaipenak ihes egin zion Euskaltel-Euskadiko Pablo Urtasun txirrindulariari. Zornotzako Udaberriko Klasikoko helmugako esprint estuan Movistar Team taldeko Rui Costa aurreratu zitzaion urdiaindarrari, eta podiuma Alberto Contadorrek osatu zuen. Euskadiko Itzulia irabazi eta gero aste perfektua borobildu du Movistarrek. Bestalde, talde laranjako Jorge Azanza 14.a izan zen, denbora berean, eta Gorka Verdugo 30.a, 1:15era. Rural Kutxak mendiko sailkapena irabazi zuen Ruben Fernandezek burututako ihesaldiari esker. Urtasunek azaldu zuenez, urrutitik hasi behar izan zuen esprinta, aurrean zeuden Intxausti eta Contador harrapatu ahal izateko. "Rui Costa gerturatu zait eta ezin izan dut bera atzean utzi. Berak Intxausti zuen aurrean eta azken unera arte itxaroteko estrategia ongi atera zaio" gaineratu zuen Urtasunek helmugan. Nolanahi ere, taldeak egindako lanarekin pozik zegoen urdiaindarra. "Taldeak ongi egin du lan. Garaipenagatik borrokatzeko hankak baditudala konturatu naiz eta optimista naiz. Gaztela eta Leongo Itzulirako morala ematen dit honek, nahiz eta Zornotzako aukerak ihes egin" gaineratu zuen.