Finala gertu

Guaixe 2013ko apirilaren 8a

Irujok eta Zabaletak pausu handia eman dute Binakako Txapelketako finalera sailkatzeko. Finalerdietako lehen jardunaldian Olaizola II-Zabala 8-22 menpean hartu eta gero, igandean Bengoetxea VI-Beroizen kontra 13-22 nagusitu ziren Iberokoa eta Etxarrengoa. Finalera sailkatzeko asteburuan Berasaluze II-Albisuren kontra 10 tanto egitearekin nahikoa dute Irujok eta Zabaletak. Asko zegoen jokoan igandean Bilbon jokatutako lehian. Irujok eta Zabaletak euren bigarren garaipena lortu nahi zuten, eta Bengoetxea VI.ak eta Beroizek irabazi nahi zuten, horrela zuzenean finalera sailkatuko zirelako. Hasieran akats potoloak egin zituen Oinatz Bengoetxeak - sakez bi falta egin zituen eta 5 akats jokoan - eta horrek asko baldintzatu zuen lehia. Nahiz eta Beroizek Irujoren eta Zabaletaren erasoari eutsi, errenta handia lortu zuten Aspekoek, 6-19ra ere aurreratuz. Hala ere, Asegarcekoak ez ziren errenditu eta 13-20ra gerturatu ziren, Irujo eta Zabaleta urduri jarriz. Baina atsedena hartu eta gero, bi tanto lortu zituzten Aspekoek, apirilaren 28an jokatuko den finalerako aurrera pausu izugarria lortuz. 10 tanto eta finaleraBerasaluze eta Albisuren kontra 10 tanto egitea. Hori da, printzipioz, Irujo eta Zabaletaren helburua, baina zuhurrak dira. "Beti 10 tantotik gora egin ditugu, baina soilik falta zaigu orain, hala egin behar dugunean, ez egitea" adierazi du Irujok, gauza hauek gertatzen direla adierazi nahian. Gainera, Berasaluze II-Albisu Olaizola-Zabala irabaztetik datoz, moral handiarekin, eta finalean egoteko gogoekin. Hortaz, emozioa oraindik pil-pilean dago. Beste partidan Olaizola II-Zabala arerio izango dituzte finalera sailkatzeko irabazi beharrean dauden Bengoetxea VI-Beroizek. Ea zer gertatzen den. Binakako Pilota Txapelketa. Finalerdiak. 3. jardunaldiaBerasaluze II-Albisu / Irujo-Zabaleta (larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Labriten. NITRO)