Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Noiz ikusiko zaitugu gurean eguzkitxo? Aspaldian elkar ikusi gabe bai. Gurera etorri izan zarenean ziztu bizian alde egin duzu berriz, eta jada zure gertutasuna eta goxotasuna sentitzeko irrikan gaude.Egia da bai, gustura egoten ohi garela Hodei, Edurne eta Euriarekin, eta guztiz beharrezkoak dituela gure koadrilak bere osotasunean bete ahal izateko. Baina Eguzkitxo... Atzerrira joan behar izan al duzu lana bilatzera? Sakanan lana bilatzearena badakigu zaila dagoela, eta ez izan oraingoz esperantza gehiegirik hau epe motzean aldatuko denik (honi buruz hitz egiteko lerro gehiago beharko genituzke).Teleberriaren ondoren iragartzen duten atalean ikusi izan zaitugu noizean behin. Baina beti penintsularen hegoaldean ibili ohi zara. Maiz ikusi izan zaitugu Kanariar irlen inguruan, eta norbaiti entzun genion ere, azkenaldi honetan soilik Almeria aldean egon zarela Aizearekin batera oporretan... ez gaituzu maite eguzkitxo? Gaizki portatu gara zurekin etorri nahi ez izateko? Esaguzu zerbait mesedez.Negua hotza izaten da gurean, baina zure presentziak ere poztu egiten gaitu noizean behin. Baina aurtengoan ez dakigu haserre zauden gurekin edo Hodeirekin... Zeozer gertatu al da zuen artean? Espero dut laster konpontzea, elkarrekin hitz egin ezazue mesedez eta berriz ere adostu zaitezte. Ez da beharrezkoa batek alde egin behar izatea bestea gurean egon ahal izateko. Biok egon zaitezkete gure artea. Lehen ere egin izan duzue.Eguzkitxo, Eguzkitxo... gure artera bueltatu zaitez eta argitu itzazu gure egunak.Ibai Hernaiz