Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irujo-Zabaleta eta Berasaluze II-Albisuren arteko finalerdietako partida ikusgarria izan zen. Lau pilotariak aritu ziren bikain, Jon Ander Albisu bereziki. Berasaluzerekin batera 22-14 gailendu ziren Irujoren eta Jose Javier etxarrendarraren aurrean. Aspekoek nahikoa zuten 10 tanto sartzea finalera sailkatzeko eta Asegarcekoek gutxienik 22-11ko garaipena behar zuten sailkatzeko. Hortaz, bi bikoek lortu zuten finalean egotea. Txapelik gabeko final horretan Berasaluze-Albisu gailendu ziren. Apirilaren 28ko Bilboko final handian, ordea, nork daki. Orain arte Irujo eta Zabaleta ziren faborito argiak, baina larunbateko finalerdiak gauzak izugarri aldatu ditu. Parez parekoa da egoera. Behetik gora egin du Albisuk txapelketan. Nahiko irregular hasi zen, tanto bikainak akats ugarirekin tartekatuz. Ama lakuntzarra duen pilotariak kritika potoloak entzun behar izan zituen. Baina bukaeran ikuskizun bikaina eman du ataundarrak. Jose Javier Zabaleta etxarrendarraren inguruan zer esan: puntako pilotaria dela erakutsi du arakildarrak. Larunbateko lehian lau pilotariek sekulako ikuskizuna eman zuten. Zabaletak izugarri gozatu zuen, huts oso gutxi eginez, baina dotore erantzun zion Albisuk. Aurrean Berasaluzek erraztasunez amaitu zituen tantoak eta Irujok defentsa lan ona egin eta biziki astindu zuen pilota atzerantz. Zaleak txundituta zeuden ikusten ari ziren partida ikusgarriarekin. 10 tantoa lortu eta gero lasaitu ziren Irujo eta Zabaleta, finalerako txartela lortu zutela jakitun. Asegarcekoek egurrean jarraitu zuten eta Albisu ikaragarriaren lanari esker - Irujo eta Zabaletaren erasoei bikain erantzun zien eta Zabaletari bizkarra erakustera heldu zen - eta Berasaluzeren erremate bikainei esker 22-14 irabazi eta finalerako sailkatzea lortu zuten. Hurrengo bi astetan finala mimoz prestatu beharko dute bi bikoek. Final estu eta konplikatua espero da, aspaldiko partez estuena.