Udaberrirekin batera, hondakinak biltzeko sistema berria Sakanan

Guaixe 2013ko apirilaren 19a

Gauzak ongi, Sakanako Mankomunitatearen asmoa udaberrian hondakin bilketa sistema berrian martxan jartzea da. Mank-ek abiatutako parte hartze prozesuko bileretan  sistemaren aldaketaren zergatiak azpimarratu, funtzionamendua azaldu, erabiliko diren tresnak erakutsi eta herritarren zalantzak argitu dira. Gainera, inkesta bidez sakandarren iritzia eta ekarpenak jaso ditu ibarreko erakundeak. Hondakin bilketa sistema berriaren oinarrietako bat konpostaren aldeko apustua denez, Mank-en hurrengo pausua herrietan konposta nola egiten den irakasteko ikastaroak ematea izanen da. Horrekin batera, udal arduradunek eta Mank-ek sakandarrengandik jasotzen ari diren informazio, ekarpen eta iritziekin hondakinak jasotzeko egurrezko zintzilikarien dimentsionamendua eta haiek non kokatu erabakiko dute. Haiek jartzeko lanak Mank-ek maiatza hasieran atera nahi lituzke lehiaketara. Askok konpostatzearen aldeKonpostatzea bilketa sistema berriaren ardatzetako bat da, bakarka edo taldeka egin daitekeena. Mank-eko informatzaile Beñat Agirrek esan digunez, "konpostatzea materia organikoa tratatzeko modurik eraginkorrenetakoa da: erabiltzaileek eta teknikoek kontrolatzen dutenez, kalitatea oso altua da; gure materia organikoarekin gure baratza, loreontzi edo lorategietan erabiltzeko ongarria sortzen dugu, hondakinen zikloa borobilduz eta, gainera, tasan deskontua izango dugu". Sakandarrek materia organikoari beste bizitza ematearen aldeko apustua egin dute. Mank-ek konpostatzea egiteko 1.653 eskaera berri jaso ditu (892 autokonpostatzea egiteko 761 auzo-konpostatzerako). Horiei Sakanan aurretik banatutako 300 konpostatzaileak batuta, materia organikoa beste modu batean ia 2.000 familiek aprobetxatuko dutela aurreikusten da. Mank-en etengabe eskaera berriak jasotzen ari dira. "Lehen esperientziak martxan jarri ostean, askoz gehiago apuntatuko dira. Edozein aldaketarekin gertatzen den bezala, normala da hasieran kezkak eta beldurrak izatea, baina behin gure bizilagunak egiten duela ikusten dugunean, gero eta gehiago animatuko gara" gaineratu du Agirrek.Mank-ek konpostatzen ikasteko ikastaroak antolatu ditu herriz herri. Herri guztietan gutxienez kurtso bat izanen da, eta herriaren tamaina eta beharren arabera gehiago. "Ikastaroetan, konpostagailua jartzeko lekurik egokienak, hara zer bota daitekeen eta zer ez, material hezea eta material lehorra zein proportziotan nahastu behar diren, aireztatzeko prozesua zenbatetan eta nola egitea komeni den, usainak ekiditeko gomendioak eta beste emanen dira" azaldu digu Agirrek. Horretaz gain, joaten direnen kezka eta zalantzak argitzen saiatuko dira. "Gainera, autokonpostajearen kasuan materialak banatzeko aprobetxatuko dugu: konpostajea egiteko gidak, konpostera, kuboa eta aireztagailua" zehaztu du Mank-eko teknikariak.Egutegia  (behin-behinekoa)Apirilak 22 Izurdiagan 11:00etan eta Aizkorben 16:00etan.Apirilak 23 Egiarretan 18:00etan.Apirilak 24 Etxarrenen 11:00etan eta 17:00etan, Hiriberrin 19:00etan eta Satrustegin 19:00etan.Apirilak 25 Irañetan 11:00etan eta 17:00etan.Apirilak 26 Uharte Arakilen 11:00etan, 16:00etan eta 19:00etan.Apirilak 29 Zuhatzun 13:30etan.Posteak eta gantxoen dimentsionamenduaMank herrietan banatu duen inkestaren bidez posteen eta kakoen eskaera dimentsionatzen ari da. Herrietan ere erakustaldiak egin direnean sakandarrek ekarpenak egin dituzte. Agirre pozik dago: "Kasu askotan oso egokiak eta emankorrak izan dira egin dituzten proposamenak eta sistema ezartzerako orduan kontuan hartuko dira". Horrela ari dira herrietako bilketa puntuak eta auzo-konpostatze-guneak zehazten. Zintzilikaria dagokionez, teknikariak azaldu digu jende askok hura ikusi ondoren, kakoa baztertu eta haren alde egin duela. "Hasieran bazegoen posteen kontrako iritzia, baina, alde batetik, hauek Sakanan eginak direla eta hemengo arkitekturarekin bat datozela ikustean (egurrezkoak izango dira) eta, bestetik, proposatzen diren bilketa puntuetan hurbiltasuna bultzatu denez, jende askok bere hasierako aukera moldatu du". Dimentsionamendua bukatu ondoren, materialak zehaztutako tokietan jartzen hasiko dira.Sakanako eskulanaHerri txikietan jarriko diren ekarpen-etxolak, jarriko diren auzo-konpostatze gune edo etxolak eta herri handietako larrialdi-guneak ibarreko enpresek garatutakoak dira. Baina norbaitek jarri beharko ditu. Horregatik, Mank-ek udalei ibarreko enpresen kontaktuak lortzeko laguntza eskatu die. Lanak lehiaketa bidez eman nahi ditu eta maiatza hasieran hastea nahi luke. Behin muntaketa guztia prest dagoenean hasiko da hondakinen bilketa sistema berria martxan. Aurretik, jakina, sakandarrek dagozkien materialak jasoko dituzte: hondakin hiztegia, sistemaren funtzionamenduari buruzko gida eta etxez etxeko bilketa egutegiaren iman bat. Informazio bulegoakIrurtzun, Etxarri Aranatz eta Olatzagutiko bulegoak astelehenetik aurrera, soilik astearteetan eta ostegunetan irekiko dira, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.37 bileraHaietara 2.175 sakandar joan dira.