Ama-Lur azoka, berriro bueltan Etxarrin

Guaixe 2013ko apirilaren 19a

Iker Manterola (SGA), Aritz Ganboa eta Begoña Goikoetxea (Belardi) aurkezpenean.

16 ekoizlek bere produktuak salgai eta ekoizpen prozesuei buruzko erakustaldiak izanen dira. Musika eta herri kirolak ere izanen dira, baita lan-tresna eta abere-jakien erakusketa.

Belardik Sakanako nekazaritza eta abeltzaintzaren erakusleiho izan nahian, joan den urtean Ama-Lur azoka sortu zuen. EHNE sindikatuaren babesean sortutako taldeak ibarrean lehen sektorea bermatzea eta kontsumo zuzena eta tokikoa bulkatzea du helburu. Sakanako 11 ekoizlerekin batera, Lizarraldea eta Iruñerriko antzeko ekimenetako beste 5 ekoizleren postuak izanen dira. "Sakanan ekoizten ez diren produktuak ekarriko dituzte, ardoa edota eztia, esaterako" argitu digu Aritz Ganboak, Belardiko kideak. "Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena sustatu nahi dugu. Azoka ekoizpen eta kontsumo eredu baten aldeko aldarrikapena da, jai giroan" esan du Ganboak.

EHNEko kide den Begoña Goikoetxeak, ekoizle eta kontsumitzailearen harremanak elkarren arteko konpromisoan oinarritzen direla gaineratu du. Azoka gardenak Horiek berreskuratzea da Belardiren asmoa. Goikoetxeak jakinarazi duenez, igandeko moduko azokak ARCO (Ardura Partekatuz Egindako Nekazaritza) ekimenaren barruan kokatzen dira. Salmenta zuzena egiteko modu ezberdinak bultzatzen ari dira. "Horrela familia ustiapenak mantendu, bizi-iraupena bermatu, ingurumena eta paisaia zaindu eta babesten delako" ziurtatu du EHNEko kideak.

Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak aurreratu zuen plan estrategikoa egiten astekoak direla eta plan horretan lehen sektorea "landu beharreko sektore estrategikoa" zela. Manterolak lehen sektoreak, zeharka, gizarteko sektore asko hartzen dituela nabarmendu zuen. Igandeko azoka "sektorea biziberritzeko" tresna gisa ikusten duela azaldu zuen: "kultura-jakituriari, pertsonei bulkada emateko. Produktuen atzean dagoena erakusteko".

Etxarriko herri baratzak
Etziko azokako 17. postuan Etxarri Aranazko herri baratzen proiektuaren berri emanen da. Etxarri Aranazko Udalak etxarriar talde baten eskaerari erantzunez herri-lur bat utzi du proiekturako. Talde horrek kudeatuko du lur saila eta azalpenak igandeko azokan emanen dituzte. Proiektuak aisialdi erabileraz gain, herritarrendako komunikazio esparru irekia izan nahi du. Aldi berean, adin tarte ezberdinen arteko kultur transmisioa sustatu nahi dute sustatzaileek. Gainera, tokiko hazien aldeko apustua eginen dute, norbera elikagaiz hornitzeaz gain. Belardiko Ganboak azaldu zuenez, "lehen sektorea dinamizatzeko proiektua da". San Migel azokaAzoka gardenak (ekoizle-kontsumitzaile) berreskuratzeko asmoaren baitan, Belardi, Arakilgo eta Irurtzungo udalekin harremanetan dago udazkenetan egiten zen San Migeletako azoka berreskuratzeko.