Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hitz hauekin definitzen dute Astra zer den beraien webgunean: Astra kulturarako fabrika soziala da: arlo publikoaren kudeaketan jendartearen parte-hartze zuzena bultzatzen duen espazioa. Astrak kulturaren ikuspegi zabala lantzen du; pertsonen eta taldeen ahalmen sortzailea eta soziala dira bere oinarri eta helburu. Kulturaren ideia hau ez da mugatzen ekoizpen artistikora soilik; ekimen soziala, pentsamendu kritikoa eta esfera publikoaren demokratizazioa bilatzen duten ideien eta ekintzen hedapena ere barne hartzen du.Pasa den abenduan inauguratu zuten Astra eta hilabete gutxi hauetan zertan jardun diren jakiteko beraien webgunea (astragernika.net) kuxkuxean ibili naiz: drupal ikastaroa eman dute, bisita gidatuak antolatu dituzte, kopiloto izateko ikastaroa eskaini dute, era askotariko hitzaldiak egon dira, kontzertu eskaintza zabala, ipuin kontalariak haurrentzat, auzolanak antolatu dituzte, umeentzako pintura ikastaroak, erakusketak... Ikus-entzunezkoak izeneko atalean hainbat bideo aurkituko dituzue; hauek ikusi eta gero, Astra zer den hobe ulertuko duzue.Kudeatzeko moduak hamaika izan daitezke; Astraren kasua beste adibide bat da. Kultur espazioak martxan jartzeko prozesuak luzeak izan ohi dira eta erakunde publikoen eraginkortasuna ezbaian geratzen da askotan. Nola edo hala, inaugurazio ekitaldira iristen gara eta behin eguna pasata, zer? Urrutira joan gabe gertu asko ditugunak begiratzea baino ez dago. Espazioak bai, baina atea eta pertsianak itxita. Ziur nago gutariko askok behin baino gehiagotan pentsatu dugula zailena ez dela espazioak edukitzea, baizik eta horiek edukiz bete eta bizirik mantentzea. Eta helburu hori errealitate bilakatzeko noski, lan handia egin beharra dago!Ana Senar Lasa