Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskara talde eta ikastetxeei zuzendutako deialdietan eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 15ean despedituko daSakanako euskalgintzak eta ikastetxeek euskara sustatzeko egiten dituzten jarduerak laguntzeko asmoz Sakanako Mankomunitateak laguntza deialdi bana egin du. Euskalgintzako deialdiari dagokionez, Mank-ek lagunduko ditu euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburu duten egitasmoak zein euskararekiko jarrera hobetzea dutenak. Diruz lagunduko dituen jarduerak aurten egin behar dira. Mank-ek euskalgintzako erakundeen artean 5.000 euro banatuko ditu aurten. Ikastetxeak Ibarreko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zein ikastetxe horietako guraso elkarteei zuzenduta diru-laguntza deialdia ere egin du Mank-ek. Hizkuntza eredu guztiak kontutan hartuta, bai ikasleei bai gurasoei zuzendutako prestakuntza edota sentsibilizazio saioek ere tokia dute ikastetxeendako deialdian. Hala, kontuan hartuko dira etxetik eskolarako autobus ibiliak, eskolako atari ingurua, sarrera-irteera orduetan egindako ekimenak baita jolas orduetakoak ere. Ikastetxeko pasabide eta eskailerak, sarrera-irteera zein klase-aldaketa orduetan eta eskolaz kanpoko ordutegietan aurrera eramandako jarduerak ere aurkez litezke deialdira. Beti ere, aurten eginen diren ekimenak lagunduko ditu Mank-ek. Ikastetxeen artean 3.000 euro banatzeko diru poltsa du ibarreko erakundeak. Batzuk eta besteak, eskabidearekin batera, IFKaren fotokopia, egin nahi den jardueraren gaineko plangintza xehatua, jarduerei lotutako diru sarreren eta gastuen gaineko aurrekontua eta beste erakundeetatik laguntzarik jaso bada, hura azalduz aitorpena aurkeztu beharko dute. Ibarreko erakundeak Lakuntzan duen egoitzan aurkeztu beharko da dokumentazioa.