Langileak kalera ateratzeko hainbat deialdi

Guaixe 2013ko apirilaren 30a

Maiatzaren 30erako deitu duten greba orokor deialdia buruan dutela ospatuko dute maiatzaren lehena ELAk eta LABek. Orduan gizarte eta lan eskubide duinak eta Euskal Herrirako berezko eredua aldarrikatuko dute. Langileen egunean ELAk ohi duen moduan, bere afiliatuak Bilbora deitu ditu. Eskubide sozialak aldarrikatuko ditu manifestazioan 11:30ean eta gero kideak bazkaltzera bilduko dira. LABek, berriz, eskualdeka zabalduko Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria leloa. Sakanako manifestazioa 12:00etan abiatuko da Altsasuko Foru plazatik. UGTk eta CCOOk bigarren urtez jarraian elkarrekin ospatuko dute Langileen eguna. Bi sindikatuek Iruñeko Tutera etorbidean duten egoitzatik abiatuko da manifestazioa 12:30ean, Gurutze plazan bukatuko dena. Ez dute mugarik. Maiatzaren batean borrokatu zure eskubideen alde leloa izanen du mobilizazioa. Sinatu gabe dauden 19 sektore hitzarmenak salbatzeko deia egiteko baliatuko dute hitzordua bi sindikatuek. CGTk, CNTk, STEE-EILASek, Solidarik eta ESKk Errekoleta plazan 11:30ean ekitaldia eginen dute. Hartan Astearteetan eguzkitan, errenta basikoaren defentsa eta eta etxegabetzeen kontrako mugimenduetako kideek parte hartuko dute. Mitina despeditu ondoren manifestazioan abiatuko dira udaletxeraino. Sindikatu horiek ere maiatzaren 30eko greba deialdia gogoan izanen dute.