Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Primerako jardunaldia izan da asteburu honetan erregional mailan Sakanako taldeek bizi izan dutena. Ultzamaren kontra Lakuntzako Zelai Berrin jokatutako partidan, 1-3 gailendu ziren etxarriarrak. Ultzamako jokalariek protesta egin nahi izan zuten Amigó taldearen kontrako partidaren ondoren taldeak jaso dituen zigor gogorrengatik, eta pankarta batekin zelairatu ziren. Partidari dagokionez, Etxarri oso indartsu hasi zen hasieratik, eta etxarriarren bi jaurtiketa langara joan ziren. Atsedenaldia baino lehen Aritzek Etxarri aurreratu zuen. Bigarren zatian Ultzama dominatzen hasi zen eta berdintzea lortu zuen, baina Etxarrik bi kontraeraso bikainetan bi gol sartu zituen, Erdozia eta Unairi esker, eta 1-3 gailendu zen. Bestalde, Lekunberrin jokatutako partidan merezitako garaipena lortu zuen Altsasuk, Beti Kozkorrek baino hobe asmatu baitzuen kontrako atean. Atsedenaldirako bi goleko errentarekin joan ziren altsasuarrak, Asierrek eta Raulek sartutako gol bikainei esker. Bigarren zatian, eta penalty bati esker, Beti Kozkor 1-2 hurbildu zen baina Altsasuk 1-3 aurreratzea lortu zuen, Jonek Beti Kozkorren defentsako akats bat aprobetxatu eta gero. Beti Kozkorrek beste gol bat lortu zuen baina 3 puntuak Altsasura etorri ziren. Sailkapenean San Juanek jarraitzen du lider (70 puntu), Aurrera bigarrenari 14 puntu ateraz. Etxarri Aranatz 8.a da (34 puntu) eta Altsasu 9.a (30 puntu). Altsasuk atzeratutako partida jokatuko du asteazkenean, maiatzaren 1ean, Dantzalekun, Berriozar taldearen kontra.