Iruzurra leporatuta 11 pertsona atxilotu ditu Foruzaingoak

Guaixe 2013ko apirilaren 30a

21 enpresari ia 2 milioi euroko iruzurra egitea leporatu diete, baita agiriak faltsutzea, zigortzeko moduko kaudimengabezia, kapital zuritzea, lapurreta eta talde antolatuko kide izateaForuzaingoak atzeman dien materialen artean 13 ibilgailu, haietako batzuk luxuzkoak, eraikuntzarako tresneria eta materialak, eguberritako saskiak, ardo loteak, soinu aparailu profesionalak eta beste. Foruzaingoan 2011ko apirilean abiatu zuen operazioa, Sakanako familia bakarreko etxe batean biltzen ziren Europako hainbat jatorritako pertsonak etxebizitza ikertuz. Haietako askok aurrekariak omen zituzten. Goi mailako autoak partekatzeak foruzainen susmoak piztu zituen. Etxebizitzan 21 urteko emakume bat eta lan jardunik ez eta ogasunaren kontrako jarduerengatik aurrekari ugari zituen gizon bat bizi ziren. Guztira 9 gizon eta 2 emakume dira atxilotuak. Ikerketaren arabera etxebizitzatik pasatzen ziren pertsonen izenean eraikuntza, kudeaketa eta sustapen arloko 5 enpresa zeuden. Foruzainen arabera atxilotuak haietaz baliatzen ziren iruzurra eta egotzi dieten beste delituak egiteko. Eraikuntza arloan izen ona zuen baina dagoeneko jarduerarik ez zuen enpresa bat eskuratu zuen eta haren aldeko txostenak baliatuz makina bat enpresari iruzur egin eta ondasun ugari eskuratu zituzten. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, Foruzaingoaren ikerketak erakunde kriminal bat eta egindako iruzurra utzi ditu agerian. "Bestela, indibidualki, hondoa jo duen eta ondasunik ez duen kudeatzaile baten kontra ez ordaintzeagatik zabaldutako prozedura zibil ugari lirateke".