Sustrairen ustez Nafarroako AHT proiektuan aldaketak egin dira

Guaixe 2013ko apirilaren 30a

Sustrai Erakuntza fundazioaren iritziz "jada errealitatea da abiadura handiko tren korridore berria eraikitzeko proiektuaren aldaketa". Sustraik aurreratu duenez, egungo trenbide bikoitzaren ondoan hirugarren trenbide bat jarriko da. Trenbide horrek Europako zabalera luke eta salgaiak garraiatzeko baliatuko litzateke (bidaiariendako ere egokia da). Hueskan eta Gironan hala egin dutela azaldu du fundazioak. Fundaziotik azaldu dutenez, AHT linea eta ohikoa egoteak "azpiegituretan gehiago gastatzea ekarriko luke; errentagarritasunak, gainera, behera eginen luke, bai eta linea bakoitzaren erabilerak ere". Sustraiko kideek uste dute proiektuaren bultzatzaileak horretaz konturatzen ari direla, eta "neurri batean, orain hasten dira erabilera anitzeko trenbidearen aldeko urratsak egiten". AHT Gelditu! Elkarlanak bat egin du fundazioaren aurreikuspenarekin. Elkarlanak bere eskutan duen informazioaren arabera "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa litzateke". Antzeko zerbait esan zuen aurreko astean Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek.