Mutuen egungo eta etor litekeen erreformaren salaketa

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Igandean Laneko Segurtasun eta Osasunaren nazioarteko eguna izan zen. Horregatik, ostiralean  LAB sindikatuak mutualitateei kritika egin zien, Mutua Navarrak Altsasun duen egoitzaren aurrean kontzentrazioa eginez. Lan baldintzen okertzeak eta prebentzio faltak lan gaixotasunak eta istripuak gora egitea ekarri zuela salatu zuten LABeko kideek. Gaur egun mutuek "langileria gehiegizkoa eta bereizketarik gabea den kontrolpean" jartzen dutela salatu zuten LABeko kideek. Gaineratu zutenez, "egungo ereduak eta etengabe egiten zaizkion erreformak, sistema publikoa desegitera bideratuta daude: osasunaren eredu pribatu eta ekonomizistarantz abiatu gara, non botere osoa emango baitzaien, berez, enpresarien elkarteak diren mutualitateei".  Horren ondorioak lirateke: kontrol eza eta laneko gaixotasun eta istripuen erregistroan ez dela iruzurra jazarriko. LABeko kideen irudiko "gizarteak alta goiztiarrengatik, gaixo dauden langileen kaleratzeengatik edo saihestu daitezkeen ondorio txarrengatik ordaintzen dituen kostuak ezkutatzen dituzte".LABetik Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zituzten,  "geure prebentzio eta osasun ereduak erabaki ditzagun".