London-Lisboa 2013 Rally Klasikoak Sakanan geldialdia

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Aurreko larunbatean Londonetik atera zen London-Lisboa 2013 Rally Klasikoa eta aurreikuspenak betetzen badira larunbatean Lisboara helduko da. HERO elkarteak (Historic Endurancce Rallying Organisation) antolatzen du rallya. 52 auto klasikok hasi zuten abentura baina asteartean 41ek jarraitzen zuten aurrera. Larunbatean Londonetik Portsmouthera joan ziren, igandean Saint Malotik Poitiersera, Frantzian sartuz, astelehenean Poitiersetik Paura, Euskal Herrira sartuz, eta asteartean Pautik Burgosera. Eta hain zuzen, etapa horretan, Sakanatik pasa ziren, Etxarri Aranazko Aritzalkon atsedenaldia eginez, bazkaltzeko. Horrela, mota guztietako auto klasiko ederrak gertutik ikusteko parada zegoen Aritzalkoko parkingean, 1983 urtea baino lehenagoko autoek parte hartzen baitute aipatu rallyan. Tartean zeuden 1962 urteko Rolls Royce Silver Cloud bat eta 1973ko Ferrari Dino 246 GTS bat, esaterako. Pilotuak, gainera, gustura erakutsi zituzten. Pilotuak britainiarrak, australiarrak, alemaniarrak, suitzarrak, italiarrak, estatubatuarrak, kanadarrak, mexikarrak eta japoniarrak ziren. Ibilbidea egiten zihoazela ikuskizun polita eta bitxia eskaini zuten eta Lisboa helburu, aurrera egin zuten. www.heroevents.euRallyari buruzko informazio guztia