Sakana: gimnasten harrobia badago

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Altsasuko Zelandi kiroldegiak maila absolutuko Iskiza-Disnaval Gimnasia Erritmiko Txapelketa hartu zuen larunbatean. Sakana-Iskiza taldeko gimnastez gain, Tolosatik, Donostiatik, Iruñetik eta Logroñotik etorritako puntako gimnastak aritu ziren lehian. Gimnastak uztaiarekin, pilotarekin, mazoekin eta zintarekin aritu ziren lanean eta musikari jarraiki, mota guztietako koreografi ederrak egin zituzten, Zelandin bildu ziren zaleen gozamenerako. Iskiza Sakana taldeko gimnastek lan ona egin zuten, 3 domina jasoz. Eider Goikoetxea kimua lehena izan zen pilotarekin, eta Eneritz Regil kimua bigarrena mazoekin. Gainera, Olaia Granizo, helduen mailan, bigarrena izan zen txingolarekin.  Txapelketaz gain, Iskiza taldeko gimnastek eta Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartu duten gimnastek erakustaldiak egin zituzten, eta despeditzeko lehiaketetan aritzen diren gimnastek - juniorrak, seniorrak eta kimuak - dantza moderno bat eskaini zuten. Iskizatik adierazi digutenez, oso txapelketa arrakastatsua izan zen larunbatekoa. "Altsasun antolatzen zen lehendabiziko aldia izan zen, entrenatzaileen eta gurasoen parte hartzeari esker". Zorionak, bada, guztiei.