Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hotzak eta euriak ez zuten eragotzi atzo maiatzak jasotzea. Bakaikuarrak izan ziren ohi bezala maiatza zutitzen aurrenak. Eguerdian hasi eta 20 bat minutuko ahaleginaren ondoren despeditu zuten lana. 100 bat pertsona bildu ziren pagoa nola zutitzen zuten ikusteko. Etxarriarrak 12:30ean hasi ziren igotzen eta bakaikuarren antzeko denbora behar izan zuten lana despeditzeko. Bi herrietan 16 metro inguruko maiatzak jaso zituzten.Iturmendiarrak arratsaldeko seietan ziren maiatza zutitzekoak. Baina euriteak sorrarazitako arriskua ahalegina bertan behera utzi eta larunbatera atzeratzea erabaki zuten. Hala ere, prestatuta zegoen auzatea aterpean egin zen eta Joseba Fernandez irristalaria omentzeko baliatu zuten aukera. Bitartean atertu egin zuen eta iturmendiarren baitan maiatza jasotzeko gogoa piztu zen. Handik hiru ordura, 21:00etan, bederatzietan plaza erdian zutik zegoen 23 metro inguruko maiatza, irristaketa patinak eta guzti. Ziordian ere maiatz txiki bat jaso zuten, herri erdian. Ziordia Bizirik eta Gazte Asanbladak antolatutako ekitaldia, festa erabat hiltzen ez uzteko eta egunen batean berriro fundamentuzko maiatza berriro zutituko duten esperantzarekin.