Udalekin adostu ondoren, Mank-ek aurrekontua onartu du

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Eskaintzen dituen zerbitzuak mantendu ahal izateko asmoz, joan den urtekoaren antzeko aurrekontuak onartu ditu Sakanako Mankomunitateak. Adolfo Araiz kudeatzaileak azaldu digunez, aurrekontuen inguruan udalen onespena bilatu dute eta, horregatik, atzeratu da haren onarpena. Izan ere, Sakanako 15 udalek aurreko urtean baino 12.000 euro gehiago ordaindu behar izan diote Mank-i. Hau da, %1,26 gehiago, denen artean 972.000 euro eginez. Mank-en gainontzeko sarrerak tasak eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak dira. Azken horiek urtetik urtera jaitsi egin direnez, joan den urtekoen aurreikuspenarekin ondu dituzte aurrekontuak. Zerbitzuei dagokienez, Euskara eta Kirola dira haien aurrekontua murriztua ikusi dituzten bi zerbitzuak. Aurrenekoari 15.000 euro txikitu zaio aurrekontua eta bigarrenari 1.000 euro. "Hala ere, 2012ko kontuak itxi ondoren bi zerbitzuetan egondako jaitsierak berdintzea espero dugu", azaldu digu Araizek. Eta gaineratu digu Mank-ek bere ia jarduera guztiak mantentzea lortu duela onartutako aurrekontuarekin. Langileriari dagokionez, udazken aldera Mank-ek bi langile berri izanen ditu, hondakinen kudeaketaren inguruan hezitzaile lanak eginen dituzte biek. Apirilaren 23an egindako batzarrean aurrekontuak aldeko 14 boto (Bildu, Irurtzun Bai eta Arruazu) izan zituen eta 2 abstentzio (NaBai) izan ziren.UrdalurJakina denez, Urdalurtik Sakana urez hornitzen duen sarean matxura izan zen ilbeltzaren 15ean. Hodia Altzania ibaiaren azpitik pasatzen den tokian dago matxura. Antza, enbor handi baten kolpeak hondatu zuen hoditeria. Ibarreko erakundeak erabaki du matxura konpontzea. Lanak emateko deialdia egina du eta maiatzean haiek egitea aurreikusten du. Bestalde, Ebroko Ur Konfederazioari uharkan bildutako uraren kontsumoagatik Mank-ek ordaindu behar izaten du. Ordaindu beharreko kopurua igo egin du eta 125.000 euro bideratuko ditu horretarako Mank-ek. Enplegu tailerra Mank-ek langabetuei zuzendutako baso lanak ikasteko bigarren enplegu tailerra eginen du, 2012ko aurrekontuaren kontura. Heldu den urtean tailer berri bat egin edo ez erabakitzeko lastailera arte dute Mank-en. Baietz erabakitzen badute aurrekontuan aldaketa bat egin beharko da. Araizek jakinarazi digunez, baso-lanak beharrean beste arlo bateko tailerra izatea ere aztertu dute, baina oraindik ezer erabaki gabe.