Maiatzaren lehenean, langileriaren nazioarteko egunean, milaka lagun atera ziren kalera Euskal Herrian, mobilizatu eta kalera ateratzeko arrazoi ugari daudela erakusteko. LAB sindikatuak Altsasun deitu zuen manifestazioa, ELAk bere jarraitzaileak Bilbon bildu zituen eta UGT eta CCOO sindikatuek manifestazio bateratua egin zuten Iruñean. ELAko Adolfo Muñozek "mobilizatu beharra dagoela" aldarrikatu zuen, maiatzaren 30erako deituta dagoen greba orokorrera deituz. CCOOek eta UGTk adierazi zuten "urteetan lortutako eskubideak atzaparkada batean desager daitezkeela", eta besteak beste "murrizketei buruzko erreferenduma edo, bestela, hauteskundeetara deitzeko" galdegin zuten. Sakanaren errekorra: 2008 langabetuLABek Altsasun deitutako manifestazioarekin 400 pertsonek egin zuten bat. "Sakanan eta beste 23 eskualdeetan milaka langile atera ditugu kalera" nabarmendu zuten bukaerako ekitaldian. Krisia sortu zuela 6 urte pasa direla gogoratu zuten, eta Euskal Herriak "emergentzia egoera" bizi duela. "Sakanak errekor berri bat du: langabetuak gaur 2008 dira Sakanan. Gazteen gehiengoa langabezian dago, langabetuen erdia baino gehiago emakumea da eta langabetuen %40ak lan bat aurkitzen zailtasunak izango dituzten 45 urtetik gorako langileak dira. Itxitako enpresek enpresa txiki eta komertzioak zulora eraman ditu" azpimarratu zuen LABeko ordezkariak. Sakanaren egoera gordinaren isla, elikagai bankuak plazaratutako datua ekarri zuen: "2012 urtean Sakanan 59 tona elikagai banatu ziren". Honi guztiari aurre egiteko "2010an abiatutako bide propioa" ekarri zuten gogora. "Sakanatik Sakanarako eredua bulkatzen ari gara eta horretarako guztien ekarpenak beharrezkoak dira". Ildo horretan, maiatzaren 30eko grebarekin bat egiteko deia egin zuen LABek. "Sakanan 7. greba orokorraren aurrean gaude, baina mobilizazioak beharrezkoak dira, gauza asko lortzen dituztelako, Sunsundegui ez ixtea, kasu" ondorioztatu zuten. Bestalde, Sunsundeguiko kaleratuak izan zituen gogoan Sakanako LABeko arduradunak. "Jazarpen sindikala jasan dute, eta euren borrokagatik ez balitz gaur Sunsundegui itxita egonen litzateke" azpimarratu zuten.