Sexu heziketan izandako murrizketak salatu ditu Gozamenez Batzordeak

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Etxarri Aranatzen dagoen Izargin, Emakumeari Laguntzeko Zentroan, Sexu Hezkuntzako Zerbitzua erdira murriztuko da. Aldi berean, Gazteriaren Kontseiluko osasun alorreko langile kopurua ere murriztuko da. Nafarroako Gobernuearen politikoen ondorio diren bi neurri horiek ezinegona eta kezka sortu dute Sakanako Gozamenez Batzordean. Hala jakinarazi digute Blanki Torresek, Altsasuko gazteria teknikaria, eta Ekiñe Ramos Zubiriak, Irurtzun aldeko Prebentzio Teknikariak. Bai Torres nola Ramosendako "gizarte murrizketa oro kezkatzeko modukoak direla iruditzen zaigu, eta are kezkagarriagoak sexu hezkuntzan egiten badira". Teknikarien iritziz "balioak lantzeko oinarrizko tresnetariko bat da sexu heziketa: tratu ona, pertsonen arteko harremanak, komunikazioa eta afektibotasuna, besteak beste. Era berean, balio horiek ahalbidetzen dute pertsonen bizi kalitatea hobetzea, kasu honetan gazteena". 13 urte SakananIzargi zentroko hezkuntza zerbitzuan "murrizketak eginik hainbat arrisku gertatu" daitezkeela gaztigatu dute teknikariek. Ramosek eta Torresek ziurtatu dutenez, "gazteek oso ongi baloratu duten, haien konpromisoari esker sortu den eta egun sendotzen ari den Gozamenez programa bertan behera gelditu daiteke. Bi teknikariak beldur dira hezkuntza zentroetako prestakuntza ez ote den murriztuko.Kezkak ez dira horretara mugatzen: "beste batzuetan egin duten bezala murrizketa horren atzetik sexualitatea ulertzeko modua aldatzen ahal dutelako, ildo biologiko hutsa duen eredu kontserbadoreago bat jarririk". Bai Ramosek nola Torresek kezka azaldu dute "gazte, emakume eta gizonok banaka edo taldeka hainbat gairi buruz mintzatzeko esparru bat galtzeagatik". Gobernuaren neurriak Izargiren erreferentzia galtzeko arriskua ikusten dute bi teknikariek, "nahiz eta sexualitateari buruzko gaietan zentro publikoa eta aurrendaria izan".Biek ere galdetu dute non gelditzen den sexu hezkuntzarako eskubidea? "Gazteendako sexu osasunerako eta ugalketarako berariazko zentro bat sortu beharrean, beste guraize-ebaki bat egin digute osasunaren alorrean". Sakanako Gozamenez Batzordeko kideak gazteen bizi kalitatea hobetzea xede duten programak bultzatzen segitzeko asmoa azaldu dute.Gozamenez BatzordeaGozamenez gazteei zuzendutako sexualitateari buruzko programa bat da. Hura aurrera eramateko Sakanan batzorde bat sortu zen, zerbitzu eta erakunde desberdinetako teknikariez osatuta. Programa Nafarroan ere garatzen da, herrialde mailako batzordea baten bidez, eta hango kide da, besteak beste, Gazteria Kontseilua.